Udalak 1,4 milioi euroko aurrekontua onartu du 2016rako. Hiru partida nagusi ditu inbertsioen atalak: kiroldegia, kultur etxea berritzeko proiektua eta Berjaldegi kaleko konponketa lanak
Kultur etxearen kanpoaldea urbanizatzen ari dira.
Ormaiztegiko Udalak 1.464.124 euroko aurrekontua onartu du 2016rako. Diru kantitate horretatik, 274.633 euro bideratuko dituzte inbertsioetarako. Jon Enrique alkateak azaldu duenez, herriko azpiegiturak eta udal instalazioak berritzea da udal gobernuaren helburua, eta horretara bideratu dituzte inbertsio gehienak.
Partida handiena kiroldegia berritzeko izango da: 82.000 euro. Alkatearen esanetan, egitura hondatuta du polikiroldegiak, eta segurtasun arazoak ere baditu. Egitura berritu, eta atzealdean lau metroko ate bat egingo dute. «Bi funtzio izango ditu. Batetik, larrialdietarako atea izango da. Bestetik, makina handiak barrura sartzea» ahalbidetuko duela azaldu du Enriquek. Horrez gain, sarrera guztiak berritu, eta pertsianak jarriko dituzte.
Kultur etxea ere «goitik behera» berritu nahi du udalak. Foru Aldundiarekin harremanetan daude, eta pare bat urte barru edo hastea espero dute. Aurten, ordea, aurrekontuko 60.000 euro bideratuko dituzte proiektua idazteko. Bestalde, 22.000 euroko partida jarri dute kultur etxearen kanpoaldea urbanizatu eta txukuntzeko. Dagoeneko hasita daude lanekin. Ur hoditeria berritzen ari dira, eta laister hormigoia botako dute zoruan.
Berjaldegi kalea berritu
Berjaldegi kalea ere konponduko dute aurten. 44.500 euro bideratuko dituzte horretarako. «Orain dela 46 urte egindako kalea da», azaldu du Enriquek. «Espaloiak berrituko ditugu, argiteria jarri eta aparkalekuak ordenatu». Hainbat bilera egin ditu udalak bertako bizilagunekin. Hiruzpalau proiektu proposatu dizkiete, eta bizilagunek aukeratuko dute aurrera eramatea nahi duten proiektua. Datorren astean hartuko dute erabakia.
Bestalde, kultur etxearen eta Itxuneren artean dagoen aparkalekua konpontzeko erabiliko dituzte 9.000 euro. Aparkalekua dagoen eremua Itxunerena da gaur egun, baina udalaren eskuetara pasatzeko tramiteak egiten ari dira, eta datorren hilean hasiko dira lanekin. Parkeak eta baserri bideak konpontzeko dirua ere bideratu dute.