Kiroldegiko barruko igerilekua berritzeko eta instalazioak hazteko proiektua idatzi nahi du udalak. Mantenimendu eta berritze lanetan jarriko du udalak arreta
Lazkaoko kiroldegia tenis pistarantz handituko dute.
Lazkaoko Udalbatzak abenduaren 22an onartu zuen udalaren 2016rako aurrekontua, denera 7.510.939,05 eurokoa. Iazkoa baino 684.794 euro gehiago sartu ditu aurrekontu-txostenean, %10 igota. Proiektuak bideratzeko urtea izango da udalarentzat, udal gobernu talde berriaren agintaldiko lehena izaki.
Mantentze lanetarako ohiko diru-sailak handitu egin ditu udalak, batetik. Kale altzariak osatu, herribideak mantendu eta haurren jolas parkeak berrituko dituzte (190.000); eraikinen garbiketa (140.000) eta kaleen garbiketa (400.000) zerbitzuak aurki esleituko dituzte. «Gaur egungo azpiegiturak balorean jarri nahi ditugu», azaldu du Felix Urkola alkateak (EAJ).
Sailka, kiroletarako 1,1 milioi bideratuko dituzte, lau sailetan bereizita. Kulturak 567.700 euro izango ditu, hezkuntzak eta euskarak 362.000, zerbitzuek 1,9 milioi, hirigintzak 711.000, gizarte zerbitzuek 440.000, udaltzaingoak 281.000, goi karguentzat 122.000 eta administrazio orokorrerako 961.000 euro.
Proiektuak zehazteko aroa
Aurtengo urterako, proiektuen atalerako 260.000 bereizi ditu udalak. Kale berritze lan txikiak egiteko izango da parte bat, eta, batez ere, proiektuak idazteko eta diseinatzeko beste bat.
Kiroldegiko barruko igerilekua berritzea izango da hurrengo urteetarako lan aipagarrietako bat. Gaur egungo tenis pistaren orubera zabalduko dute kiroldegia bera, igerileku berria behealdean kokatuta. Etorkizuneko eraikuntza fasean gauzatuko litzateke egitasmo hori. Orain, 150.000 euro inbertituko ditu proiektua idazten.
«Proiektuak zehazteko urtea da 2016a. Eta ate joka hastekoa, finantzazio posibleen bila», dio alkateak. Lazkaomendirako azpiko pasabidea da horietako bat.
Bi inbertsio ere gauzatuko dituzte, aurten, kiroldegian: goiko solairuko aireztatze sistema eta kantxako aldagelak berritzea, 150.000 eurorekin. Iazko lanak —bi aldagela eraikitzea eta barruko frontoia margotzea—, bukatu ditu. San Inazio eta Areso arteko zubiko espaloiak zabaltzea, San Prudentzion bidegorria egokitzea eta urbanizatze lan txikiak dira beste obrak.
Azpiegitura aldetik, beste gune garrantzitsu bat Iturgaitzaga eta Larreategi urbanizatzea izango dira. Denera 360.000 euro dira, udalak bi eremuetan duen parteagatik.
Lazkaomendiko Lartxai elkartean etxaurrea margotu eta altzariak berrituko dira (25.000). Gurutze auzoko egitasmoan, garajeen eraikuntzaren asmoak «oso erantzun ona» jaso du; herritar askok agertu du interesa.
Urtarrilaren 26ko udalbatzarrean, 20-30 urteko gazteentzat kooperatzaile gisa garapen proiektuak gauzatzera joateko 6.000 euro jartzea onartu zen.
Lazkao Lantzen udal enpresak, bere aldetik, 939.900 euroko aurrekontua izango du.