Bihar, Loinazko San Martin egunean ekitaldi ugari antolatu ditutze. Urrezko Aizkolariak 19:00etan,. '400 urte' antzerkia 20:00etan. Bideoa aurkeztuko dute
Bihar, otsailaren 5a, Loinazko San Martin eguna, inoiz baino beteagoa izango da aurten. Odolkiaren kofradiaren Biltzar Nagusiaz gain, pilota partidak, Urrezko Aizkolarien saioa,
400 urte herri antzerkia,
Beasain, hemen eta orain bideoaren aurkezpena eta
Taberna Ibiltaria musika kalejira ere izango dira.
Goizeko protagonista Odolkiaren kofradia izango da. 09:30ean inguruko kofradiei harrera egingo diete Igartzako jauregian. 10:20an, kofradien ibilaldia egingo dute Loinazko San Martin estatuaraino galako jantziak jantzita, txistulariek lagunduta. Aurreskua dantzatuko dute bertan. 10:50ean, kofradiakideak Andre Mari Zeruratuaren parrokiara joango dira udal korporazioarekin batera, 11:00etako mezatara. Meza bukatu ondoren hasiko da ekitaldi nagusia Loinazko San Martin plazan: XXXI. kapituluaren ospakizuna. Ohi bezala, bi ohorezko kofradiakide berri izendatuko dituzte. Aurten, Xabier Sarasola musikari eta konpositore beasaindarrak eta Segura Irratiak izango dute Odolkiaren Ohorezko kofradiakide izateko ohorea.
Jarraian, odolkiaren dastaketa herrikoia egingo dute. Kofradiakideek, azkenik, bazkaria egingo dute Castillo hotelean. 55 euro kostako da bazkaria.
Aranealdeko ekitaldia
Aranealde elkartean ere ospatuko dute Loinazko San Martin eguna. 12:30ean mokadutxoa eskainiko diete bazkideei. Hamaiketakoan parte hartu ahal izateko derrigorrezkoa da 2015eko bazkide kuota ordainduta izatea.
Arratsaldean, 17:00etan hasita, Asuncion Merino Prieto eta Francisco Mujika Unanue bazkideek lagunarteko omenaldia jasoko dute. Arratsalde-iluntzerako honako egitaraua antolatu dute erretiratuen elkartekoek: 17:00etan, Aurtzaka dantza taldearen saioa ikusteko aukera izango da; 17:30ean, Gurea abesbatzak kantu saioa eskainiko du; eta 18:30ean, aretoko dantzen erakustaldia izango da. Jarraian, 21:00ak arte, dantzaldia egingo dute.
Otsailaren 5ean jaiotakoak
Loinazko San Martin egunean jaiotako beasaindarrek afaltzeko elkartzeko ohitura ere badute otsailaren 5ean. Artzai Enea jatetxean elkartuko dira.
Aizkorrikoak Arangoitira
Aizkorri Mendi Elkartekoek Loinazko San Martin egunaren hurrengo igandeko ekitaldia berrituko dute igande honetan, hilaren 7an: Arangoitira bisita.
65 urte dituen ohitura da dagoeneko. Beasaingo mendizale elkartekoek 1951ko otsailaren 11n egin zuten lehenengoz bisita Arangoitira, eta harrezkero urtero errepikatu duten ekitaldia izan da.
Igandean, 16:30ean jarri dute hitzordua Aizkorri elkartean. Aurtzaka taldeko dantzariek eta txistulariek lagunduta joango dira mendizaleak Arangoiti egoitzaraino. Ekitaldiaren amaieran, mokadutxoa eskainiko dute.
Arratsaldeko ekitaldiaren aurretik, Aizkorrikoek Uzturrera egingo dute mendi irteera eskolaumeekin. 07:45ean abiatuko dira tren geltokitik.