Osasuna, denon eskura
Elikadura osasuntsuari eta jarduera fisikoari buruzko aholkuak ematen dituen gida argitaratu du D’elikatuzek. Adimen urritasuna dutenei edo irakurtzeko zailtasunak dituztenei zuzenduta dago, ...
Elikadura osasuntsuari eta jarduera fisikoari buruzko aholkuak ematen dituen gida argitaratu du D’elikatuzek. Adimen urritasuna dutenei edo irakurtzeko zailtasunak dituztenei zuzenduta dago, eta oso grafikoa da, erraz ulertzeko.
Ordiziako D’elikatuz zentroak hamar urte daramatza D’elikatuz Bizi kanpainarekin. Elikadura osasuntsua eta jarduera fisikoa sustatzea dira helburuak, eta urtero gizarteko multzo jakin bati zuzentzen zaio: gazteei, emakumeei, adinekoei… Aurten, adimen urritasuna dutenei edota irakurtzeko zailtasunak dituztenei zuzendutako gida praktiko bat kaleratu dute.
Gida horretan, elikadura osasungarriari eta jarduera fisikoari buruzko hainbat aholku ematen dira. Gidaren berezitasuna da, aholku horiek oso modu grafikoan ematen direla, edozeinek ulertzeko modukoak izan daitezen. «Marrazkien bidez ematen dira azalpenak, ahalik eta testu gutxien erabilita», azaldu du Leire Arandia D’elikatuzeko zuzendariak.
Arandiaren hitzetan, edozein pertsonak informazioa jasotzeko eskubidea izan behar du, eta helburu hori du kaleratu berri duten gidak. Teoria ulertzeko, adibide praktiko asko ditu. Esaterako, gosari osasungarri bat zein izango litzatekeen ikus daiteke marrazki batean.
Gida osatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Goienetxe elkartearen eta hainbat profesionalen aparteko laguntza izan du D’elikatuzek. Ana Elbusto sendagile nutrizionistak, Aritz Aranbarri neuropsikologoak eta Ordiziako Sasoian kirol zentroko profesionalek parte hartu dute edukiak osatzen.
2.000 ale argitaratuta
Urtean zehar beste ekintza batzuk egiteko asmoa badute ere, kanpainaren ardatza gida izango da aurtengoan. 2.000 ale inprimatu dituzte, eta D’elikatuz zentroko bisitarien artean banatuko dituzte. Mail bidez ere zabalduko dute hainbat erakunderen artean, eta eskuragarri egongo da delikatuz.com eta Gipuzkoa.eus webguneetan.