Xabier Sarasola, Segura Irratia eta Maria Jesus Telleria, odolkiaren ohorezko kofradiakide berriak izendatu dituzte
Eguzki beroa lagun ospatu du Beasaingo Odolkiaren kofradiak XXXI. kapitulua. Segura Irratia, eta Segura Irratiko Maria Jesus Telleria, eta Xabier Sarasola musikaria izendatu dituzte ohorezko kofradiakide berriak.
Kofradia burua herriko alkatea izaten da eta Aitor Aldasorok aurkezpenean ohorezko kofradiakide berrien lana goraipatu du: “Odolkia mingainaren gozagarria den bezala, zuek entzutea gure belarrien gozagarri izan da. Urte askoan jarrai dezazuela gure belarrien gozagarri izaten”.
Segura Irratiko Maria Jesusek eskerrak eman dizkie Odolkiaren kofradiakideei: “Odolkiaren kofradiak beti izan ditu Segura Irratiko ateak irekita, eta orain, kofradiakide izanda, zer esanik ez. Segura Irratiak zin egiten du kutixia hau denoi ezagutaraziz jarraituko duela”.
Joxe Felipe Auzmendi aurkezleak Xabier Sarasola musikarari odolkiari martxaren bat egiteko erronka bota dio. “Nik batez ere koruentzako musika egiten dut eta horretarako hitzak behar dira. Norbaitek hitzak prestatzen baditu, igual egingo dut”, erantzun dio Sarasolak..
Behin kapituluaren protokoloa bukatuta, odolkia dastatu eta bazkaltzera joango dira kofradiakideak.