Argazkia: El Salvador
Emaitza ikusita Ampo Ordiziak sekulako porrota jaso duela pentsa liteke, baina dirudiena baino partida estuagoa izan zen atzo El Salvadorren kontra jokatutakoa. Kellyren mutilak Valladolidera joan ziren atzo, sailkapeneko talderik sendoenetako baten aurka partida serioa egiteko asmoz. Partida ona jokatu zuten, joko sendoa eginez, eta markagailuan atzetik joanda ere, etsipenean erori gabe. Gaztelako taldea hezur gogorra da ordea, eta garbi utzi nahi izan zuten zergatik dauden ohorezko mailako lehen postuetako lehian.
Etxekoek hasieratik markatu nahi izan zuten diferentzia, eta Sanchezen entsegua eta Katzek gauzatutako kolpea medio, 7-0 jarri ziren aurretik. Ordiziarrek ordea eutsi egin zioten enbidoari, eta joko sendoa eginez, gaztelarren defentsa puskatzen saiatu ziren, behin eta berriz. 15. minutuan iritsi zen ordiziarren lehen entsegua, Ascroften eskutik. Zazpinako berdinketaren ondoren, 26. minutuan Katzek beste jokaldi erabakior bat egin zuen, Ramosi entsegua eskura utzita. Lehen zatia bukatu aurretik, Katzek zigor kolpe bat gauzatu zuen, markagailua 15-7 etxekoen alde jarriaz.
Bigarrenean erasoan atera ziren ordiziarrak, baina El Salvadorrekoen defentsa lanari esker, ezin izan zuten tantorik lortu. Ondo bukatu ez zen erasoaldi horietako bat aprobetxatu zuten etxekoek berrantolatu eta entsegu saiakera berri bat egiteko; baita lortu ere. Blancok egindako entseguarekin eta Katzen gauzatutako kolpeari esker, 22-7 jarri ziren aurretik. Jokoan zegoena baino alde handiagoa erakusten zuen markagailuak, eta alde hori murrizteko beste ahalegin bat egin zuten ordiziarrek; Ander Alberdik egindako entsegua da ahalegin horren emaitza. Erasoan eta jokaldi onak egiten jarraitu zuten, eta hainbat alferreko saiakeraren ondoren, berriz ere Alberdik, jokaldi bikaina eginez, ordiziarren hirugarren entsegua lortu zuen, markagailuan ere gerturatuz (22-14).
Etxekoek ere ez zuten etsi ordea, eta berehala etorri zen haien erantzuna. Gonzalezek entsegua egin zuen, eta Katzek gauzatu. Horrek ordiziarren aukerak zaildu bazituen, 78. minutuan gaztelarrek erabakita utzi zuten neurketa, jokaldi nahasi batean entsegua eginez. Azken entsegu horrekin 43-14 jarri ziren aurretik, partida bukatzear zela.
Beste porrot bat jaso arren, Ordiziako kluba gustura agertu da taldeak egindako lanarekin, “egunetik egunera hazten ari den taldea” dela erakusten dutelako. Une honetan sailkapeneko 7. postuan daude, 32 punturekin.