Atzera bota dute Udalbiltza diruz laguntzeagatik Ezkio-Itsasori jarritako helegitea
EAEko Auzitegi Gorenak atzera bota ditu Espainiako Gobernu Ordezkaritzak 12 udalen kontra jarritako helegiteak. Udal horiek beraien aurrekontuetan jaso zuten Udalbiltza partzuergoari emateko dirulaguntza, eta horren kontrako ekinbidea hasi zuen Carlos Urquijo, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen delegatuak. Gorenak gaur ebatzi duenaren arabera, udal horiek egindako diru ekarpenak “erabat legezkoak” dira. Auzitegi horrek eskuartean dituen helegiteetatik lehen 12ak jakinarazi ditu gaur.
Udalbiltzak azaldu duenez, sententzia honek “hankaz gora” utzi du Urquijok orain arte “helegiteetan defendatutako tesi guztia”. Hala, Espainiako gobernu ordezkariaren jarrera salatu du, “bere asmo bakarra delako Euskal Herriak nazio gisa aurrera egin dezan eragozteko asmoz Udabiltzarekin elkarlanean jarduten duten udal guztiak auzibidean” jartzea.