Ion Izagirrek laugarren postuan bukatu da Valentziako Itzulia, eta Gorka Izagirrek bosgarren egin du Dubain
Gorka eta Ion Izagirre, 2014an, Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliaren hasieran, Ordizian. Arg./ Aimar Maiz
Biek ala biek Mallorkako Challengean aurtengo denboraldiari hasiera eman eta gero, asteburuan amaitu diren bi itzulitan lan txukuna eginda itzuli dira etxera Ion eta Gorka Izagirre ormaiztegiar txirrindulariak (Movistar Team). Bi anaietan gazteenak, Ionek, laugarren bukatu du Valentziako Itzuliko sailkapen nagusian, eta Gorkak, berriz, bosgarren Dubaiko Itzulian.
Ez zion ondo ekin Valentziako ibiliari
Ion Izagirrek, erlojupeko aitzinetapan erorikoa izan baitzuen, eta gerora itzuliko sailkapen nagusia irabazi duen Wouter Poelsengandik 38 segundora helmugaratu zen. Xorret de Catiko etapa nagusian hirugarren sailkatu zen –Beñat Intxaustirekin esprintean–, eta erorikotik errekuperatuta zegoela erakutsi. Azken sailkapenean laugarren, Poelsengandik 1:01era. Podiuma Luis Leon Sanchezek eta Beñat Intxaustik osatu dute.
Gorka Izagirre, berriz, Dubain ibili da azken astean, eta esprinterrentzat ezin egokiagoa den proba horretan bosgarren postuan bukatu du sailkapen nagusian, Marce Kittel irabazlearengandik 23 segundora. Philippe Gilbert eta Fabian Cancellararen gisako txirrindulari handiak, esaterako, bosgarren eta seigarren sailkatu dira. Podiumera ere igo da anaietan zaharrena. Movistarrek taldekako sailkapena irabazi baitu.