Errefuxiatuei bidaltzeko materiala biltzen hasi da Hotz Legazpi boluntario taldea
Eroskik plazan duen lokalean ari dira bilketa egiten. Otsailaren 29ra arte luzatuko da.
Hotz Legazpi boluntario taldea gaur hasi da errefuxiatuentzako materiala biltzen, Eroskik plazan duen lokalean. Otsailaren 29ra arte egingo dute bilketa, astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Bildutakoa Calaiseko errefuxiatu kanpamentura bidaliko dute, Frantzia iparraldera.
Bestalde, Urretxuko eta Zumarragako supermerkatuetan saskiak jarri dituzte, jendeak bertan janaria uzteko. Eta kontu korronte zenbaki bat ere ireki dute, bidalketaren gastuei aurre egiteko (3008 0210103302307719).
Iltzeak behar dituzte
Otsailaren 11n, ostegunean, Hotz Legazpi taldekoen ezagun bat Calaisera doa, eta bidaia aprobetxatu nahi dute iltzeak bidaltzeko. Izan ere, etxolak eraikitzeko iltzeen premian daude. Hortaz, asteazkenera bitartean iltzeak eramateko deia egiten diete herritarrei.
ZER BILDUKO DUTE?
- Arropa. Haurrentzako prakak (28 eta 30 neurrikoak), uretarako aproposak diren prakak, txandal prakak, manga luzedun kamisetak, jertseak eta neguko beroki sendoak.
- Oinetakoak. Trekking oinetakoak, kirol oinetakoak eta mendiko botak, ahal bada, 41, 42 eta 43 neurrikoak.
- Lotarako zakuak eta dendak. Ez da komeni lotarako zakuak %100 algodoizkoak izatea. Dendak lau lagunentzat eta tela bikoitzarekin, haizetik eta euritik babesteko. Esterilak eta edredoiak ere behar dira.
- Eraikitzeko materiala. Olanak, egurra eta iltzeak.
- Janaria. Olioa (litroko botilak), arroza (kiloko poltsak), azukrea (kiloko poltsak), gatza (750 gramoko poltsak), erraz ireki daitezkeen latak (barazkiak, atuna, sardinak, tomatea, garbantzuak, babarrunak, fruta…), esnea, tea, kafea eta gailetak paketeak. Txerrikirik ez.
- Bestelakoak. Kandelak, linternak, su itzalgailuak eta lastargiak.













