Gasolioa esnearen prezioan
Gasolindegira joatea gozamena bihurtu da ia, prezioek inoiz ikusi gabeko merkatzea bizi baitute.
Merke saltzen den produktu bat bada –ekoizleak estututa–, ...
Gasolindegira joatea gozamena bihurtu da ia, prezioek inoiz ikusi gabeko merkatzea bizi baitute.
Merke saltzen den produktu bat bada –ekoizleak estututa–, hori esnea da. Gasolinak eta gasolioak, ordea, garesti ospea izan dute beti. Duela hilabete batzutik hona prezioa etengabe behera egiten ari da eta esnearen pare jarri dira. Auto gidariak oso gustura daude, noski, eta prezioarena bihurtu da gasolindegietako mintzagai nagusia.
Gasolindegietako langileak pozik daude, ez baitzeuden ohituta aurpegi alaiak ikustera. Santi Jimenezek Zumarragako San Gregorio kaleko gasolindegian lan egiten du eta sekula ez duela halakorik ikusi dio. «Inoiz ez dut prezioen halako beherakadarik ikusi. Hemen asko hitz egiten dugu gai horri buruz, noski. Bezeroak oso pozik daude: aspaldiko partez litroak euro bat baino gutxiago balio duela, orain autoari gasolina gustura botatzen diotela… esaten dute. Lehen prezioak gora ala behera egin al zuen galdetzen zuten. Orain ez dute prezioarengatik galdetzen. Jaitsi egin dela konturatzen dira».
Bestalde, beti diru kopuru berbera gastatzeko ohitura zuten batzuek, orain kopuru txikiagoa markatzen dutela dio: deposituan ez baitzaie horrenbeste gasolina kabitzen.
Auto gidariak oso pozik daude. Batez ere, autoa asko erabiltzen dutenak. Anjel Zangitu urretxuarrak basoak garbitzen lan egiten du eta astero 50 euro gasolio botatzen dizkio bere Toyota Land Cruiser 4×4 ibilgailuari. «Oso pozik nago gasolioaren prezioa jaitsi delako, noski. Beti 50 euro gasolio botatzen dizkiot autoari eta azkenaldian diru horren truke bizpahiru litro gehiago botatzen dizkiodala konturatu naiz. Poztekoa da. Izan ere, auto guztiek erretzen dute gasolioa, baina handiek gehiago. Gainera, nik kilometro asko egiten ditut autoarekin».
David Garcia zumarragarra ere gustura ageri da. 20 urte ditu eta ingeniaritza ikasten ari da Mondragon Unibertsitatean. Egunero Arrasatera joan beharra du eta, ikaslea izanik, dirua ez du soberan. «Gurasoek emandako dirua bukatzen denean, nire poltsikotik ordaindu behar dut gasolina. Autoa partekatzen dugunean ez da horren garestia ateratzen, baina proiektua egiten ari naiz eta askotan bakarrik joaten naiz Arrasatera. Orduan bai nabaritzen dudala prezioak behera egin duela!».
Teorian, pozik egoteko arrazoi gehien dutenak kamioilariak dira. Ez daude oso pozik, ordea. «Gasolioaren prezioaren jaitsiera gustura hartu dugu, baina enpresariek jaitsiera hau guri gutxiago ordaintzeko erabiltzen ari dira. Ez dira konturatzen gainontzeko prezio guztiek gora egin dutela: tailerrak, bidesariak…», aipatu dute Goi Garraioak enpresakoek.
Merkatzearen arrazoiak
Baina, zergatik ari da jaisten horrenbeste gasolioaren eta gasolinaren prezioa? Joseba Barandiaran ekonomialari legazpiarrak ez zutela halakorik espero aitortu du. «Azken hamar urteetako sorpresa handiena izan da. Ekonomialari guztiok espero genuenaren aurkakoa gertatu da. Izan ere, petrolioa agortzen ari da eta eskaera gora doa. Gainera, geroz eta urrutirago joan behar dira petrolioa lortzera».
Baina, hala ere, petrolioaren prezioak behera egin du. «Iraultza honen faktore nagusia eskaintzak gora egin duela da. Inork espero ez zuen moduan, gainera. AEB izan da eskaintza handitu duena. Zergatik? Fracking-aren bidez petrolioa merke atera dezakeelako eta espero ez zuen tokietatik gainera. Besteek metodo garestiagoak erabiltzen dituzte eta, gainera, behartuta daude saltzera: beraien herrialdeetako ekonomiak petrolioaren mendekotasuna duelako eta petrolioa ateratzeko makinerian sekulako inbertsioa egin dutelako», azaldu du Barandiaranek.
Petrolioa merke egoteak, denak bezela, bere alde onak eta txarrak ditu. «Epe laburrera, ona da petrolioa merke egotea. Guk, ezinbestean, petrolioa inportatu beharra dugu eta merke erostea komeni zaigu. Baina hainbeste merketu denez, gure bezero batzuk arazo ekonomikoak dituzte eta ezin digute erosketarik egin».
Ingurumenarentzat txarra da, zalantzarik gabe. «Energia iturri fosilei uko egin nahi zaien momentuan, petrolioa izugarri merkatu da. Garestia egongo balitz, errazagoa izango litzateke jendea kontzientziatzea».
Gainera, fracking-a kaltegarria da. «AEB eta Kanada fracking-a erabiltzen ari dira petrolioa ateratzeko. Bost milioi upel ateratzen dituzte egunean. Horretarako ur asko erabili behar da, lurrazpiko putzuak zikintzen dituzte…».
Beraz, ez gaitzatela engaina: hobe baserritarrari esnea behar bezala ordaindu eta bizikleta erabili, esnea merke erosi eta autoa erabili baino.
Gasolinaren eta gasolioaren salneurriak, Goierrin
Hauek ziren gasolinaren eta gasolioaren salneurriak, joan zen ostiralean, Goierriko bost gasolindegitan: Zumarragako Galp gasolindegian gasolio arruntak 0,929 euro balio zuen eta 95 oktanoko gasolinak 1,109 euro; GI-632 errepideko Repsol gasolindegian gasolioak 0,949 euro balio zuen eta gasolinak 1,119; Olaberriko BP gasolindegian gasolioak 0,923 eta gasolinak 1,113; Carrefourren gasolioak 0,895 eta gasolinak 1,109; eta Olaberriako Gasogas-Avia gasolindegian gasolioak 0,9 eta gasolinak 1,118. Gasolio merkeenetik garestienera 5,4 xentimoko aldea zegoen, beraz.