
Santa Ageda bezperako kantu eskean 1.852 euro bildu dituzte aurten Zerainen. Zerainlab egitasmoak jakinarazi duenez, kopuru horren erdia Xabier Makazaga euskal presoaren familia laguntzeko izango da; beste erdia berriz, Zerainlaben proiektuak finantziatzeko.
Antolatzaileen arabera, “herriko auzo, baserri eta etxe guztietara” iritsi ziren Santa Ageda bezperako koplak. Gaueko 21:00etarako bukatu zuten erronda, eta ondoren Oiharte sagardotegian elkartu ziren, lagunartean afaltzeko. Eskean atera ziren herritarrei nahiz laguntza eman zutenei esker ona agertu nahi izan diete.