Gaurtik ostirala bitartean Goierri Eskolan elikadura osasuntsua eta eraginkortasun energetikoa jorratuko dituzte, Segurtasun eta Ingurumen astean. Helburua ikasleak lan esparruan segurtasun eta ingurumenaren inguruan kontzienteak izatea da. Horretarako...

Gaurtik ostirala bitartean Goierri Eskolan elikadura osasuntsua eta eraginkortasun energetikoa jorratuko dituzte, Segurtasun eta Ingurumen astean. Helburua ikasleak lan esparruan segurtasun eta ingurumenaren inguruan kontzienteak izatea da. Horretarako arlo horretan adituak diren hainbat pertsonak hitzaldiak emango dituzte.
D´elikatuz zentroak eta Orkli, Praxair eta Goidner enpresek hartuko dute parte. Gainera, iaz Indar enpresak 75. urteurrenerako antolatu zuen erakusketa ere ikusgai egongo da, ikasleek enpresaren historia ezagutu dezaten.
Gonbidatuak hitzaldietan
Aurtengoa bosgarren edizioa da, eta hitzaldiz betetako astea izango dute Goierri Eskolako ikasleek. D´elikatuz zentroko Idoia Noainek zabalduko ditu asteko hitzaldiak. Noainek dieta orekatua eta osasuntsua eramateko jarraibide nagusiak azalduko ditu.
Eraginkortasun energetikoaren inguruan bi gonbidatu izango dira. Alde batetik, Ordiziako Orkli enpresako mantentze lanen buru den Francisco Javier Gonzalez arituko da eta, bestetik, Goiener energia berdearen kooperatibako zuzendari Santiago Ochoa de Eribe. Tarte horretan presentzia nabarmena izango du Olaberrian lantegia duen Praxair gas industrialen fabrikatzaileak. Izan ere, Jon Auzmendi Praxair enpresako ipar ordezkaritzako zuzendariak azaldu duenez, Praxair enpresaren hiru baloreen artean ingurumenarekiko errespetua, segurtasuna eta integritatea daude.
Horiek ez dira izango hitzaldi bakarrak. Aesleme Bizkarrezurreko Kaltetuen Ikerketa Elkarteak ere hitzaldia emango du eta bertan laneko segurtasunaren garrantzia nabarmenduko dute.
Ekarpen propioentzako tartea ere izango da ostirala bitartean. Ikasleentzako film laburren eta argazkien lehiaketa antolatu dute. Ikasleen lanek astean zehar jorratutako gaiaren inguruan izan beharko dute, segurtasun eta ingurumenarekin lotuta.