Maribel Vaquero, Aitor Aldasoro, Koldo Agirre eta Santi Urdanpilletarekin. Arg.: Beasaingo Udala.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendaria, Maribel Vaquero, Beasaingo udaletxean izan da gaur arratsaldean Bizikidetza Lantzen programaren ildo nagusiak aurkezten. Aitor Aldasoro alkatearekin (EAJ), Koldo Agirrerekin (EH Bildu) eta Santi Urdanpilletarekin (PSE-EE) elkartu da.
Bake, bizikidetza eta giza eskubideen arloko udal politikak sustatzea da Bizikidetza Lantzen programaren helburu nagusia eta “lehentasunezko” sei lan ildo finkatuak ditu foru aldundiak:
- Udalbatzan ordezkaritza duten kolore politiko ezberdinen artean elkarrizketa eta akordioa sustatzea.
- Bizikidetza pluraleko foro eta esperientziak bultzatzea.
- Giza eskubideen esparruan heziketa xede duten ekimenak sustatzea.
- Udaletxeetatik biktimei eskaintzen zaion laguntzea indartzea.
- Memoria politikak garatzea udal esparruan
- Presoen bergizartaratze prozesuei ekarpenak egitea.
Beasaingo Udaletik jakinarazi dutenez, udal ordezkariek euren ekarpenak eta proposamenak egiteko aukera izan dute.