Bihar izango da 22:15ean Usurbe Antzokian. Bankuko zuzendaria da Apaolaza, mailegua ukatu dion bezeroa Gurrutxaga. Euskarazko testua Aitziber Garmendiak egokitu du

Beasaingo eta Ordiziako udalek antolatutako Antzerki Garaian zikloaren barruan, laugarren saioa izango da bihar, 22:15ean, Beasaingo Usurbe Antzokian: Tanttaka taldearen
Kreditua. Jordi Galceran kataluniarrak idatzitako komedia da, eta Fernando Bernuesen zuzendaritzapean, Joseba Apaolaza urretxuarra eta Zuhaitz Gurrutxaga igoko dira oholtzara.
Apaolaza 1985etik dabil aktore lanean; Elgoibarko futbolari ohia, berriz, hasi berria da interpretazio lanean. «Oso ondo moldatu gara. Pertsona berezia da, azkarra, eta azkar ikasten du. Obran testu asko dago, bata besteari guztiz kateatuta. Eta oso ondo atera da aurrera. Oso gustura gabiltza elkarrekin», aitortu du urretxuarrak.
Kreditua lanean bankuko zuzendariaren papera antzezten du Apaolazak. Antoniori (Zu-haitz Gurrutxagari) mailegua ukatzen dio. Ondorioz, dirurik eman ezean, neurriak hartuko dituela mehatxu egingo dio Antoniok zuzendariari. Ez edonolako neurriak gainera, bizitza hondamendira eraman ditzakeen ekintzak. Galceranen testuek aktualitateko gaien inguruan hausnartzera gonbidatzen ditu ikusleak: «Obraren ardatza da, zein hauskorrak bilaka gaitezkeen gure bizitza ondo helduta dagoela uste dugunean ere».

Gaia serioa bada ere, ikusleek ondo pasako dutela bermatu du urretxuarrak: «Oso obra atsegina da. Tartetxo eder bat pasatzeko aukera polita da. Beti azpimarratu izan da,
Kreditua lanaren bermea testua dela. Ikusi besterik ez dago, mundu guztian egiten den obra bat dela. Oso leku inportantea lortu du Jordi Galceranek».
Euskarazko bertsioa Aitziber Garmendia zaldibiarrak egokitu du. «Oso itzulpen aproposa egin du, bixia, jatorrizko bertsioa baztertu gabe», zehaztu du Apaolazak.
Urretxuko artistak antzeztu duen Galceranen hirugarren obra da Kreditua.
Dakota eta
Gronholm metodoa izan dira beste bi obrak. Bere esanetan, «Jordi Galceranen hiru obra taularatzeko pribilegioa izan dut. Oso dramaturgo ona da. Asko jokatzen du intrigarekin, giroekin eta ezustekoekin».
Apaolaza bolada onean
Kultura eta antzerkia momenturik onenean ez badaude ere, Apaolaza bera oso momentu profesional onean dagoela aitortu du: «Inoiz ez bezala, momentu honetan bost obratan ari naiz lanean:
Pankreas-en,
Jokoz Kanpo-n (euskaraz eta gazteleraz) eta
Kreditua-n; eta orain Shakespearen
Uda gau beteko ametsa lanaren bi antzezlan ari naiz prestatzen. Bietan pertsonaia berdinaren papera egingo dut».