Gipuzkoan arrantza intentsiboko hiru barruti daude: Agauntza, Araxes eta Leitzaran erreketan. Amuarraina hil gabe aritzen dira arrantzaleak, eta urte osoan jardun daitezke horregatik.
Arrantza sasoia ofizialki hasteko hilabete eta erdi falta den arren, Agauntza errekan (Lazkao, Gipuzkoa) 40 arrantzale dabiltza, belaunetaraino uretan sartuta, kainabera bota eta amuarrainak atera nahian. Arrantza intentsiboko barrutia da, Araxes eta Leitzaran ibaietako zati banarekin batera Gipuzkoan dauden hiruretatik bat. Urte osoan egin daiteke arrantza, federatuta eta baimen berezia lortuta.
Otsail hasiera izanagatik —hilaren 6an jokatu zen Lazkao-Agauntza Irekia arrantza lehiaketa—, amuarrain mordoxka dabil ur lasaietan. Negu epelaren ondorioz, Lareoko urtegiaren emari-erregulatzaile funtzioaren laguntzaz eta herriko arrantzaleen zaintzari esker, arrantzarako paradisu bihurtu da Agauntza, 2014ko urritik.
Trukean, amuarraina harrapatu —salabardoaren laguntzarekin ateratzen dute—, eta atzera uretara itzultzea da prezioa. Hil gabeko arrantza modalitatea egiten delako hiru barrutiotan. Geroz eta arrantzale gehiagok egiten du hala, batez ere gazteen artean.
Bi denboralditako esperientziarekin gustura daude herriko arrantzaleak. «Urte asko ibili gara barrutia lortzearen atzetik. Iaz Gipuzkoako Federazioak laguntza eman zigun, eta hasteko behintzat aukera eman zigun. Txapelketa batzuk antolatzen ditugu urtean zehar», dio Olain Irizar arrantzale lazkaotarrak.
Aldundiaren liga
Agauntzaren kasuan, Lazkaoko udal barruti ia osoa da eremu intentsibokoa, Zubierreka industrialdearen paretik Senpere auzora. Araxesen, Urkola presatik Oriako ahoraino da. Leitzaranen kasuan, Erreka arrain haztegitik Oriako ahoraino.
Arraina hil gabeko arrantza-modua sustatzeko, federazioak Aldundiaren Liga txapelketa antolatzen du. Orain arte hiru barrutietan jardunaldi bana izaten bazen, datorren urterako aldaketa bat sartuko dute: Araxesen eta Agauntzan egun berean izango da arrantzaldia, eta Leitzaranen beste batean. «Horrela arrantzale bikote gehiago sartuko ditugu, 32 bikote. Espainia guztiko jendea etortzen da», azaldu du Gipuzkoako Arrantza Federazioaren lehendakari Martin Lasak.
Gune horiek ezagutarazteaz eta hil gabeko modua indartzeaz gain, orokorrean arrantzarako zaletasuna bera piztu nahi dute. «Arrantza mundua oso baxu dago, eta bultzada bat emateko asmoarekin ari gara. Lazkaoko festetan neska-mutikoentzat ere txapelketa txiki bat egin genuen iaz, zaletzeko eta arrantza ezagutzeko», dio Irizarrek.
Erreketako faunari eusten
Arrantza intentsiboko barrutietan urte osoan ibiltzeko, batetik federatuta egon beharra dago —segurua sartzen da hor—, eta baimen berezi bat atera behar da bestetik. Internet bidez egin liteke izapidea, eta 16 urtera artekoei ez diete ezer kobratzen.
Ehizean bezala, arrantzan ere polemika badago ehizakina hil gabe utzi ala ez. Askori pentsaezina egiten zaie amuarraina uretatik atera eta atzera libre utzi behar denik. Barrutiok hil gabekoak direlako kexatzen denik ere bada. Baina Gipuzkoako erreken aberastasun ekologikoa ere jokoan dago. «Usoak kanpotik etortzen dira, baina amuarrainak bertako autoktonoak dira. Ateratzen baldin baditugu, ez da ezer gelditzen. Amuarrainak badaude batzuk, baina oso gutxi etxekoa zaintzen ez badugu…», dio Irizarrek.
Amuarrainak ekarri eta errekan botatzen dituzte arrantza elkarteek. «Kostu garrantzitsu bat dago diru aldetik». Hilean «pare bat aldiz» birpoblatzen dituzte errekak. Uraldiek eragin handia daukate, eta ubarroiek ere amuarrain asko jaten dute. «Errekak txikiak dira, eta presio hori ezin dute mantendu. Mantentze lana egiten dugu, amuarrainak libratzeko garaian», azaldu du Irizarrek.
Jendea ari da kontzientzia aldatzen. Erreken egoera ere azken urteetan «asko hobetu» da.
«Amuarrainak askatu eta nola joaten diren gustatzen zaie umeei gehien»
Martin Lasa (Gipuzkoako federazioa)
Arrantza intentsiboko barrutien balioa nabarmendu du Gipuzkoako Arrantza Federazioaren lehendakari Martin Lasak. Haurrei gehiena gustatzen zaiena, jare egin eta amuarraina uretan atzera nola joaten den ikustea dela dio.
Zer moduz funtzionatzen dute Gipuzkoako hiru barrutiek?
Araxes eta Leitzaran betikoak dira. Leitzaran askozaz nahiago du jendeak, erreka handixeagoa delako eta beste inguru bat delako. Araxes oso ondo dago orain, egunetik egunera enpresak ere txukunago ari dira eta; dezente jende dabil. Agauntza lehengo urtean jarri genuen, eta nahiko poliki funtzionatu du. Aurten beste aukera bat eman diogu, segitzeko. Nik uste pixkanaka sartuko dela hirugarren barruti bezala.
Amuarraina hil gabeko arrantza egiten da. Kontzientzia aldatzeko hori garrantzitsua da, ezta?
Arrantza kirol bezala ulertzen dugu guk. Federazioa ere kirol arlokoa da. Orduan, kirol bezala, ezin dugu hiltzea barneratu. Arraina hil daitekeen tokietan ere, gu normalean hil gabe aritzen gara. Umeei ere txikitatik hil gabe ari gara erakusten. Eta ikusten da aldaketa: behin ere arrantzan egin ez duten umeekin ari zarela, askatzen erakusten diezu, eta gehien zer gustatu zaien galdetutakoan, askatu eta nola joaten diren erantzuten dute. Umeari ilusio handiena horrek egiten dio.
Urte guztian ibil daiteke. Arrantzaleek eskertuko dute hori ere.
Bai, noski. Zenbat eta amuarrain gutxiago hil, urte guztirako orduan eta amuarrain gehiago. Jendeak gehiago gozatzen du.
Errekak nola daude Gipuzkoan?
Kutsadura aldetik, asko ari dira errekuperatzen. Kanalizazioak-eta egin dira. Baina toki guztietan zikinkeria asko dago. Jendeak oraindik ‘dena errekara’ kultura dauka. Kontzientzia hartu behar da erreka ez dela zabortegia. Arazo handiak dauzkagu horrekin. Itsusi egiten du, eta gainera ez da batere ekologikoa.
Beste arazo handi bat presekin dago. Presak eskalarik gabe daude. Pena da, zeren izokinak Villabonaraino igotzen dira, baina ezin dute gorago, presagatik. Bestela, Tolosaraino igoko lirateke.