‘Musua’ 4ra ala 8ra?
Musean jokatzeko ohitura Goierrin osoan dago. Baina mendebaldean 8 erregera egiten da, eta ekialdean 4ra.
Turroia bezalakoa da musa. Gozoki hori ...
Musean jokatzeko ohitura Goierrin osoan dago. Baina mendebaldean 8 erregera egiten da, eta ekialdean 4ra.
Turroia bezalakoa da musa. Gozoki hori urte osoan jan daiteke, baina Gabonetan eransten zaio hortza. Musean ere edozein garaitan jokatzen da Goierrin —jaietan, herri festetan, elkarteetan…—, baina urteko lehenengo hiru hilak dira, dirudienez, gogokoenak. Barru giro gehiago, egun argi gutxiago eta gainontzeko jardueratan mugimendu mantsoagoa izateak lagunduko du, ziur asko.
Kontuak kontu, Goierrin jende gehien erakartzen duten hiru lehiaketa ospetsuenen garaia iritsi da: Ordiziako Argi-Berri elkartean otsailaren 13an, Zaldibiako Zubi-Burukoa otsailaren 27an, eta Beasaingo Arrano elkartekoa martxoaren 12an.
Ehun bikotek baino gehiagok parte hartu ohi dute. Ibilbidea ere luzea dute. Zaldibiako txapelketa da Goierrin zaharrena, 51. aldia baitu aurten —urte batzuetan antolatu gabe egon ziren—. Ordiziakoak, 39.a du.
Sarietan ere ez dabiltza murritz; Argi-Berrin, esate baterako, bikote irabazleak 1.500 euro jasoko du dirutan, ahaztu ezin diren txapelekin batera.
Urtarrilean eta otsailean, bestetik, azken zazpi urtean sustraitzea lortu duen Euskal Herriko Txapelketarako herrikako kanporaketak ere jokatu dira. Goierrin, 21 guztira. Sailkatu direnek Gipuzkoako Txapelketa otsailaren 20an jokatuko dute, Alegian. Handik aurrera igarotzen direnek, Euskal Herri osoko finala martxoaren 5ean dute, Urdiñarben (Zuberoa).
Ondoren etorriko dira herrietako jaietako, soziedadeetako eta beste zenbait ongintza kausatarako musaldiak. Egin ere, helburu sozial batekin egiten direlako mus txapelketak.
Behar dutenei lagunduz
Argi-Berrin, adibidez, duela ia 40 urteko egoera soziopolitikoa izan zuten mus txapelketa sortzeko akuilu. «Egoera politikoa halakoa zen orduan ere. Familiei diruz laguntzeko sortu zen mus txapelketa. Helburu sozialak izan ditu. Zoritxarrez, gaur egun ere helburu berdinak daude Euskal Herrian», dio Patxi Calvillok.
Urterik onenean —partaidetzari dagokionez—, 153 bikote izan ziren. 130en bueltan ibili ohi ziren. Iaz, 112 bikote joan ziren. Handira ozenago jotzen zen garaiak izan zituen musak.
«Musean egiteko ohitura aldatzen ari da. Lehen, bazkalondoan egunero edozein tabernatan egiten zuten kartatan. Orain, batean edo bitan bakarrik. Eta hor ere jende larriak. Gazteek ez dute musean batere egiten».
Txapelketetan ibili ohi direnak ere muslari trebatuak izaten dira, asko eta asko. «Portzentaia handi bat batetik bestera ibiltzen direnak dira. Muslari direnak».
Euskal jatorria
Ikertzaile batzuen iritziz, euskaldunek asmatutakoa da mus karta jokoa. XVIII. mendeko testuetan aipatu zuten, ordurako. Manuel Larramendiren aipua da zaharrena, 1754ko Corografía de Guipúzcoa liburukoa. Musu hitzetik eratorria dateke jokoaren izena bera; bikotekideari joko ona daukala adierazteko, keinua ezpainak mutturtzearekin lotzen dute.
Valero de Castro idazleak latineko etimologia ikusten dio mus hitzari. Musso aditza isilik geratzea dela dio, eta lehenengo pertsona singularra mus konjugatzen da. Euskal musean ez da hitzik egiten, justukoa esateko ez bada.
Jokatzeko modua ere aldatu egiten da toki batetik bestera. Euskal Herrian, funtsean nahiko berdin mantendu da. Nahiz eta bigarren mailako arau batzuk, partiden iraupena edo karta batzuen balioa aldatu.
Lau edo zortzi erregera
Musaren gako harrigarrienetakoa lau erregera edo zortzira jokatu da. Laura, launa errege eta bateko izaten dira; zortzira, 12koak eta 3koak erregetzat hartzen dira, 1ekoak eta 2koak batekotzat. Araban eta Bizkaian 8ra zabalduago dago; Nafarroan eta Gipuzkoan, 4ra.
Goierri, lurrez oso zabala ez den arren, baina Euskal Herriaren erdigune geografikoan dagoenez, zatitua dago 4/8 erregeen aferan. Mendebaldean (Urretxu, Zumarraga, Legazpi, Zegama, Gabiria, Ezkio, Mutiloa, Zerain, Segura, Itsaso, Ormaiztegi) zortzi erregera jokatzea da ohitura. Baita erdialdean ere (Beasain, Olaberria eta Lazkao). Ekialdean, aldiz, 4ra ez den beste musik ez dute aitortzen (Ordizia, Itsasondo, Legorreta, Zaldibia, Gaintza, Arama, Altzaga).
Salbuespenak badira: Arriaran 4ra jokatzen duen irla da, 8koaren eremuan. Idiazabal ere berdin. Ataunen, berriz, bietarako joera daukate: San Gregorion 4ra; Aian lehenago 8ra eta orain 4ra; San Martinen elkarte batean 8ra, bestean 4ra…
Calvillo ordiziarrak dioenez, duela 40 urte Ordizian 8ra egiten zen, eta 4an hastea erabaki zuten, «Euskal Herrian 4ra» egin behar zela eta.
Altzagan ere bitxia da kasua: garai batean, herrian 4ra aritzen ziren eta Altzagaraten 8ra. Gaintzan, lauko hirukoitza dute: lau ustel, lau hamarreko eta lau erregera. Legorretan kontatzeko era berezia dute: 25 tantoko (bost hamarreko) hiru ustelera izaten da han musa.
Laura ala zortzira aritu, hemengoa ala kanpokoa izan, Goierrin musa beti hor dago.
Mus jokoa arautzeko liburu bat atera zuten 1804an
Odola bero dezake musak, jokoa den neurrian. Eta berori arautzeko beharra eta saiakerak aspaldikoak dira. 1804an esku-liburu bat argitaratu zuten, Iruñean, Xavier de Gadea-ren inprimategian: ‘Reglas fixas que conviene usar en el juego llamado mus, caracteristico de vizcainos y navarros’. Antonio Chuecaren liburu-dendan jarri zuten salgai.
Hitzaurrean esanahi handiko aipamena dakar 20 orrialdeko liburuxkak: «Jabe zaitez, nahiz eta joko hau euskaldunentzat [Bascongados hitza darabil] egokiagoa den [‘mas propio’], ez direnek ere ikasi eta asko jokatu dutela, gustu handi neurri gabez».