Iñaki Bastarrikak (Urretxu, 1970) Marina Aoiz poeta nafarraren Mirar el río (Ibaiari begira) antologia itzuli du. Iruñean eta Donostian aurkeztu ondoren, otsailak 13 eguerdian Beasaingo Igartza jauregian aurkeztuko dute. Ekitaldian, Aoizen alabak aurreskua dantzatuko du, zenbait poesia zalek ibaiari buruzko testuak irakurriko dituzte eta lagun batzuk omenduko dituzte.
Nolatan suertatu da egitasmo hau?
Itzultzaile lanak egiten ditut eta literatur arloko egitasmoetan kolaboratzen dut. Marina Oliten ezagutu nuen, beste emakume batekin batera eman zuen hitzaldi batean. Hitzaldiaren ondoren berarekin hitz egin nuen eta bere liburuak bidali zizkidan etxera. Irakurri ahala, nire gustuko olerkiak euskarara itzulita bidaltzen nizkion. Antologia egin zuenean, niri ere pasa zidan. Euskaraz ere argitara genezakeela esan zidan eta baiezkoa eman nion. Edizioaren ardura berea da eta asko eskertzen diot. Izan ere, inoiz lan hori egitea tokatu zait eta oso nekeza da.
Zergatik erabaki zenuen Aoizen poemak itzultzea?
Hitzaldira joan aurretik, ez nuen Marina ezagutzen. Oso ondo errezitatzen du eta bere testuak asko gustatu zitzaizkidan. Sakonak eta ederrak iruditu zitzaizkidan. Gainera, ondo konpondu gara elkarrekin. Halako lanak egitera ohituta dago eta nabaritzen da. Sentsibilitate bat konpartitzen dugu, gauzak egiteko modu bat.
Zer aurki daiteke liburuan?
Bere hamahiru liburutako poemak sartu ditu. Bakoitzetik, gustukoenak hautatu ditu. Gaiei dagokienez, denetik dago.
Larunbatean Beasainen aurkeztuko duzue liburua.
Urretxu inguruan ere aurkeztea proposatu zidan eta Igartza toki egokia dela pentsatu nuen. Toki ederra da eta, gainera, erreka ondotik pasatzen da.
Aurkezpen berezia izango da.
Ez da aurkezpen hutsa izango. Inguruko batzuei, liburuaren izenburua gaitzat hartuta testuak irakurtzeko eskatu diet. Beraien testuak edo gustuko dituzten olerkarienak irakurriko dituzte. Larunbatekoa topaketa moduko bat da. Poesia zaleon topaketa bat.
Dantza ere egingo dute.
Marinaren alabak (Sury Belloso) aurresku bat dantzatuko du. Txistua bere lagun batek joko du: Uxue Alcuazek. Ondoren, Marinak bere liburuaz hitz egingo du eta olerki pare bat irakurriko du. Nik olerki horiek euskaraz irakurriko ditut. Horren ostean, gure lagunek ibaiari buruzko testuak irakurriko dituzte. Bukatzeko, Ibaiari Begira sariak emango ditugu.
Nori emango dizkiezue sariak?
Sari nagusia Ana Maria Larrea legorretarrari emango diogu. 87 urte ditu eta duela hamar bat urte liburu bat egin genuen berarekin: bere amaren biografia. Oso emakume berezia delako emango diogu saria.
Zeintzuk dira gainontzeko sarituak?
Ines Elortza jakinzale legazpiarra, La Academia Errante (Angel Cruz Jaka gogoan), Bergarako Idazle Eskola (Tere Irastortza), Senpereko Hatsa elkartea (Auxtin Zamora), Gotzon Aranburu kazetaria, Segura Irratiko Itaka saioa (Irati Goikoetxea) eta Koldo Zubeldia eta Gabriel Korta olerkariak. Saria ibai baten marrazkia da.
Zergatik erabaki duzue sari horiek ematea?
Beraien ekarpena ezagutzera eman eta eskertu nahi dugu. Kirol munduan errazago saritzen dute gazte bat literatur munduan baino, adibidez, eta ez zait ondo iruditzen. Helburua zenbait jende lanean ari dela aldarrikatzea eta jende horri eskerrak ematea da. Sektore bat dago. Ez da sektore antolatu bat, baina egon badago. Bakarka lan egiten dugu, baina ez gara isolatuta bizi. Goierriko jendeaz gain, Euskal Herriko beste toki batzuetako jendea etorriko da. Askotan kolektiboki zerbait egitea nahi da, baina horretarako norbaitek lan egin behar du. Alde horretatik, Hatsa elkarteak egiten duen lana eredugarria da. Urtero liburu bat argitaratzen du idazle ezagun eta ezezagunen lanekin.
Poesia itzultzea dirudien bezain zaila al da?
Poesiako testuak prosakoak baino zailagoak dira, baina laburragoak ere bai. Horrek testuari denbora gehiago eskaintzeko aukera ematen dizu. Olerkiak laburragoak direnez, hitz ezezagun gutxiago daude. Olerkiak itzultzen lasaiago sentitzen naiz. Autorea bizirik egotea ere garrantzitsua da. Ondo ulertzen ez dituzun gauzak berarekin argitzeko aukera ematen dizu. Marinari eskerrak eman nahi dizkiot emandako laguntzagatik eta baita Koro Garmendia itzultzaileari nire testuak errepasatzeagatik.
Poesiaz gain, zein lan itzultzen dituzu?
Gauza arruntak: enpresetako testuak, webguneetakoak… Ez dut nire burua itzultzailetzat. Lanbide bat da. Nire bizitzan zehar beste lan batzuk ere egin ditut. Itzultzaile lana egiten dut, baina beste lan batzuk ere egingo nituzke.
Editore lanak ere egiten dituzu.
Larrearen liburua guk editatu genuen. Artisau-lanak gustatzen zaizkit. Gustuz egindakoak. Horiek dira gozamen handiena ematen dutenak. Gaur egun lan guztiek etekin ekonomikoa eman behar dutela dirudi, baina bizimodua ez da beti halakoa izan eta bizitza ez da beti hori bakarrik. Etekinari bakarrik begiratuko banio, ez nuke Beasaingo aurkezpena prestatuko. Hilabete baino gehiago daramat prestatzen.
Aurkezpenean parte hartuko duten poesia zaleen zerrenda
Gaurko aurkezpenean 19 poesia zalek parte hartuko dute. Hauek dira: Andoni Salamero, Koldo Zubeldia, Gabriel Korta, Marina Aoiz, Ana Maria Larrea, Iñaki Bastarrika, Mary Franco, Miriam Luki, Monika Leiva, Tere Irastortza, Maite Toledo, Josu Jimenez Maia, Ekaitz Goikoetxea, Irati Goikoetxea, Itziar Albisua, Enrique Zaldua, Eneida Garmendia, Koldo Goitia eta Xabier Zarandona.