Borondateak josi, erabakia ehuntzeko
Larunbat bazkalondoreneko bakea aprobetxatzen zuen amak egongelako besaulkian eseri eta josteko. Garai horretan, aita lo-kuluxka egiten aritzen zen lasai, aldameneko gelan, eta ni kalera joaten nintzen lagunengana, litxarreriak jan eta kontu-kontari aritzera. Besaulki ondoko mahaitxoan uzten zituen amak gauza guztiak, bata bestearen gainean metatuta: zulatutako galtzerdiak, izterrondoan higatutako prakak, botoia galdutako alkandora…Banan-banan hartu eta josten zituen amak, pazientzia osoz.
Urteak pasa eta koskortu nintzenean, etxetik alde egin nuen bizitza eta mundu berri baten bila. Halako batean, galtzerdiak zulatu zitzaizkidan baina nik konpontzen jakin ez, eta ez nuen lagunduko zidan inor etxean. Ez nion amari mesederik eskatu nahi eta, beraz, berriak erosi nituen. Amak nire jokaeraren berri izan zuenean, errieta egin zidan; ikasi egin behar nuela zioen eta irakatsiko zidala…Baina ez nion jaramonik egin eta argi utzi nion, gainera: “Zulatua dagoena zahartua dago, eta ez du konponbiderik. Zertarako luzatu agonia? Berria erosi eta kito!”.
Horrela jarraitu nuen, harik eta iaz Gure Esku Dagoko oihalak josteko unea iritsi zen arte. Amarengana jo nuen laguntza eske eta barrezka hasi zen, behingoz josten ikastera bultzatu ninduen arrazoia ikusita. Elkarrekin josi genituen irudiz eta mezuz apaindutako koloretako oihalak. Hala esan zidan amak:” Ikusten duzu? Josi beharreko guztia ez dago zulatua eta zulatuta dagoen guztia ez dago hautsia edo hutsa. Oihal hauek, zulatuta egon balira ere, mezuz eta marrazkiz jantziak daude eta horregatik dira osoak. Apaindurez josita daude, beteta, alegia. Eta zuk erabilitako galtzerdiak, zutaz eta zure bizipenez beteak daude, baita zulatuta daudenean ere. Horregatik dute erabili gabeko berriek baino balio handiagoa”.
Zer pentsatua eman zidaten amaren hitzek eta berriz gogoratu ditut ekainaren 19ko herri galdeketaren erronkari begira. Sinadura bilketaren garaia, ehuntze fasea izan da. Ehundaka lagun sinadurak ehuntzen, borondateak josten. Mota eta egoera guztietako borondateak: hautsiak, zulatuak, indartsuak, itxaropendunak, asaldatuak…Borondate guztiak josita, oihal osoa eta betea ehuntzea lortuko dugu, ordea. Ehundaka borondate eta nahi, oihal sendoa, osoa eta luzea osatzeko. Eta orain, apirilera arteko fasean, adosten hasiko gara, adostasuna josten. Borondateak adostasunean josiko ditugu, erabakia ehuntzeko.