Euskal Herriko Mus Txapelketan, larunbatean jokatuko dute Alegian Gipuzkoako finala. Goierritik 37 bikote sailkatu dira, 22 herritako kanporaketetatik. Naziokorako txartela jokoan.
Gipuzkoako mus txapelketa larunbatean jokatuko da, Alegian. Kultur etxean elkartuko dira herrietako kanporaketetan sailkatu diren bikote guztiak, eta 15:00etatik aurrera ekingo diote jokoari. Beste sei euskal herrialdeetako finalak ere egun berean jokatuko dituzte.
Guztira 116 bikotek dute musean lehiatzeko aukera, Gipuzkoako txapelaren bila. Horietatik 37 Goierrikoak dira. 22 herritan jokatu dira lehiaketak. Partaidetzaren arabera, bikote bat, bi, hiru edo lau joango dira. Seguran zen muslari gehien, 30 bikote; lau bikote joango dira. Mutiloatik, hiru (19 bikote ziren).
Iaz, Gipuzkoako txapela Iñaki Cruz eta Joseba Irizar urretxuarrek jantzi zuten. Ondoren, Euskal Herriko nagusia Legorretako Patxi Salazarrek eta Joseba Goikoetxeak (Itsasondoren izenean, han sailkatu zirelako), Lekeition. Aurten ere herrialdeko finalerako sailkatu dira legorretarrak.
Emakume gutxi
Gipuzkoako finalera Goierritik hiru emakume bakarrik joango dira. Horietako bik bikotea osatuko dute, Itsasondoko Elena Vicentek eta Aintzane Diezek. Hain zuzen, Alegian jokatuko duten bi emakumezko bikotetatik bat da goierritarrena; bestea, Pasai San Pedroko Haizea Ibargarai-Oihane Santos. Hirugarren emakume goierritarra Mila Aranburu aztiriarra da.
Gipuzkoa osoko sailkatuak aintzat hartuta ere ez da emakumezkoen zenbakia askorik igotzen. Denera 13 emakumezko ariko dira, 232 pertsonaren artean. Bikoteak, bi bakarrik.
Euskal Herrikora txartelak
Gipuzkoako finala irabazten duen bikoteari txapelak jantziko dizkiote. Saritan garaikurrak, egonaldiak, bazkariak eta beste zenbait opari banatuko dituzte.
Euskal Herriko finalera igarotzeko ere balioko du. Guztira, zazpi herrialdeetatik 32 bikote joango dira Urdiñarbera (Zuberoa), martxoaren 5ean.