Gaur 22:15ean 'Heroiak' antzezlana izango da ikusgai Ordiziako Herri Antzokian, eta asteartean, 22:00etan 'El Florido Pensil. Neskak'. Sarrerak Barrena Jauregian daude

Antzerkia gustuko dutenek Ordiziako Herri Antzokian dagoen eskaintza bikoitzaz gozatzeko aukera izango dute bi egunetan.
Heroiak antzezlana izango da ikusgai gaur, eta asteartean, berriz,
El Florido Pensil.Neskak. Bi ikuskizunetarako sarrerak Barrena kultur etxean daude salgai.

Txalo produkzioak aurkeztuta, eta Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean,
Heroiak lana izango da ikusgai herri antzokian 22:15ean. Istorioaren euskarria ajea duten hiru soldadu beterano dira. Borrokalari ohien egoitza batean daude hirurak, bertan bere garaian gerran zaurituak izan zirenak daude. Halako batean, egoitzatik ihes egitea erabakiko dute, baina ez dute argi nora. Oso istorio gizatiarra eta dibertigarria da. Hiru euskal aktore ezagun igoko dira taula gainera: Joxe Ramon Soroiz, Kandido Uranga eta Ramon Agirre.
Antzerki garaia programaren laugarren saioaren barnean dago kokatuta gaurko antzezlana. Beasaingo eta Ordiziako Udaletako kultura sailek bultzatu eta antolatu dute programa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerki sarearen lankidetzarekin.
Emakumeak taula gainean
El Florido Pensil.N
eskak antzezlana 20:00etan izango da ikusgai, asteartean. Oraingoan, emakumeak izango dira protagonista. Loli Astoreka, Gurutze Beitia, Teresa Calo, Elena Irureta eta Itziar Lazkano igoko dira oholtza gainera. Guda osteko Espainiako hezkuntza sistemaren krudeltasuna jasaten duten bost nesken eguneroko bizitza kontatuko dute antzezlanean. Garai hartan emakumeen helburua ezkontzea eta etxeko lanak egitea zen; emazte «ona» izatea. Gainera, garaiko gizarteko errepresioa ere agerian utziko dute.
Egunean bertan 20 urte beteko dira antzezlana estreinatu zenetik. 1996an, Mikel Garmendia aktore ordiziarra izan zen estreinaldian. Hamar urte geroago, egun berean, Mikel Garmendiaren omenez berriz estreinatu zuten. Tanttaka Teatroa konpainiaren lanaz gozatzeko aukera izango da, Fernando Bernues eta Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean.