Aurreko legegintzaldian hasi zen proiektua forma hartzen, baina ez dela gauzatu azaldu du koalizioak
Ordiziako Buztuntza pasealekuan EH Bilduko ordezkariak, eskaileren aurrean
Helburua Buztuntzako pasealekuko Oria ibaiaren bi ibarretan dagoen oinezko ibilbide guztia irisgarria egitea da. Buztuntza pasealekuko
zorua egoera kaskarrean dago, eta
erreka ondoko petrilak ez duela “segurtasun handiegirik ematen”, azaldu du Ordiziako EH Bilduk. Hala ere, garrantzitsuena
Tximistako zubira ematen duten eskailerak hobetu behar direla nabarmendu du, bai oinezkoentzat, baita bizikletan dabiltzan herritarrentzat ere.
Aurreko legegintzaldian pasealekuaren konponketarekin hasteko oinarri sendoak jarri zirela azaldu du koalizioak. Udalak pasealekuaren jabetzak eskuratu zituen proiektua bideragarria egiteko.
Bitan zatitu zen proiektua: batetik,
Tximistatik ibaira jaisteko eskaileretatik hasi eta ibaia zeharkatzen duen parkeko zubira bitartekoa, eta bestetik,
parkeko zubitik San Joan auzora doan zubira bitartekoa. Bigarren zatiarekin hastea erabaki zen, lur jabetzen hartzea oso aurreratua zegoelako (bizilagun guztiek baimendu behar dute obra).
Proiektua udal teknikariek diseinatu zuten, hainbat bizilagunen ekarpenak kontuan hartuta. Hori egin ahal izateko
aurrekontuetan 282.600 euroko partida jaso zen, eta Gipuzkoako Foru
Aldundiak proiektua garatzeko 12.873,99 euroko diru-laguntza aurreikusi zuen. EH Bilduk azaldu duenez, udal gobernu berriak “paralizatu” egin zuen proiektua, eta oraindik ere “erantzunaren zain” daude. Horregatik eskatu dute udal gobernuak berriz ere egitasmo honi heltzeko, eta Buztuntza auzoko ibilbide guztia irisgarria egiteko.