Martxoaren 7tik 13ra izango da Seguran. Euskal Herriko produktuen azoka martxoaren 20an, egingo dute Lore azokarekin batera. Bihar Pettiren kontzertua dago, Elorripen
Urruñako (Lapurdi) Xaian Iparra-Hegoaren XXI. edizio berria aurkeztu zuten atzo,
Euskal Herria eta Katalunia elkarri begira leloarekin. Berrikuntza ugarirekin dator hego eta ipar euskal herritarren harremanak sortzea eta bultzatzea duen kultur astea. Inoiz baino luzeagoa da, gainera, aurtengo Iparra-Hegoa: otsailaren 6an izan zen lehenengo ekitaldia eta martxoaren 20an izango da azkenekoa.
Aurtengo ediziorako aukeratu duten gaia
Euskal Herria eta Katalunia elkarri begira da. Kataluniako prozesua ezagutu nahi dute Kataluniako alderdi politiko, mugimendu sozial eta kultur adierazpenen eskutik. «
Euskal Herria eta Katalunia elkarri begira jarri diogu izena: kataluniarrak guri begira daude eta gu beraiei begira ere bai», diote antolatzaileek.
Martxoaren 7an, Kataluniako Convergencia, Esquerra eta CUPeko politikari ezagunak Independentzia prozesuaz ariko dira, Berriako Martxelo Otamendi zuzendariak gidatuta. Esquerrako Joan Tarda eta CUPeko David Fernandezen parte hartzea ziurtatuta dute dagoeneko.
Martxoaren 8an, ANC, Omnium eta Sumate mugimendu sozialak elkartuko dituzte. Berriako Kristina Berasain kazetaria izango da moderatzailea. Martxoaren 9an, Euskal Herriaren txanda izango da. EAJ, Sortu, Euskalerria Bai eta Gure Esku Dagoko kideek Euskal Herritik Kataluniako prozesua nola ikusten duten aztertuko dute, Berriako Enekoitz Telleria kazetari segurarra moderatzaile dutela.
Larunbateko eta igandeko ekitaldietan ere kataluniarrak izango dira protagonistak. Bartzelonako Sant Vicenç dels Horts herritik hiru autobus etorriko dira Segurara beraien dantzak, doinuak eta giza gazteluak erakustera. Cava eta butifarra ere ekarriko dituzte dastatzeko.
Iparra-Hegoaren kantua
Xabier Albizu, Eluska Gerriko eta Erramun Amundarain.
Berrikuntzen atalean, Amets Arzallus bertsolariak eta Iparraldeko Xutik musika taldeak elkarlanean egin duten Iparra-Hegoaren kantua aipatu behar da.
Oraindik euskaldunak gare gera gire…/ ea egiten dugun garenera bide… / Euskaldunak izanen gire gera gare… / hitzen gisan bagabiltz mugak jarri gabe… dio kantuaren errepikak.
Amets Arzallus ohiko gonbidatua da Seguran eta aurten ere osteguneko bertso afarian izango da, Alaia Martinekin batera. Xutik taldea ere Seguran izango da, ostiralean, DJ Bullekin batera. Larunbatean, Iñazki taldearekin egingo dute dantzaldia.
Bi azoka batean
Bigarren berrikuntza nagusia, orain artean kultur asteko larunbatean egiten zen Euskal Herriko produktuen azoka martxoaren 20an egingo dutela da, Lore azokarekin batera.
Eta hirugarren berrikuntza, Iparraldeko haurren bisita egunean dago. Astelehenean eta asteartean etorriko dira Ortzaizeko eta Arberoako ikastoletako haurrak; orain arte ostegunean eta ostiralean etortzen ziren.
Petti bihar Elorripen
Azkenik, Iparra-Hegoa girotzeko ekitaldien barruan, bihar, 23:00etan, Elorripe tabernan, Berako (Nafarroa) Petti kantariaren kontzertua izango da.