«Koordinadoran kideen formazioa indartu nahi dugu ikastaroekin»
Oihane Vicente (Zumarraga, 1988) Urretxu eta Zumarragako Koordinadora Feministako kide da sortu zenetik.Gizarte Langintza ikasketak egin zituen unibertsitatean. Donostiako gobernuz kanpoko erakunde ...
Oihane Vicente (Zumarraga, 1988) Urretxu eta Zumarragako Koordinadora Feministako kide da sortu zenetik.Gizarte Langintza ikasketak egin zituen unibertsitatean. Donostiako gobernuz kanpoko erakunde batean praktikak egiten ari zela izan zuen lehen harremana Zumarraga eta Urretxuko Eraldatzen emakume taldearekin, eta bertako kide egin zen.
Nolakoa izan da Eraldatzenekin izandako esperientzia?
Nilda Gorvein izan zen Eraldatzeneko sortzailea eta arima. Haren heriotza taldean mugarri izan zen, eta taldeak aurretik zuen jarduera zertxobait apaldu zen. Ordurako nik taldea utzita nuen, baina denborara bertako kide batek deitu zidan Eraldatzen berriz berpizteko asmotan zebiltzala esateko, eta parte hartu nahi nuen galdetzeko.
Baiezkoa eman zenuen.
Berriz biltzen hasi ginen, 2014. urtea izango zen. Urola Garaiko Berdintasun saileko Jabekuntza Eskolatik martxoaren 8aren bueltan ekintzaren bat antolatzeko deialdia iritsi zitzaigun orduan. Hala, Jabekuntza Eskolan Eraldatzeneko eta gaztetxeko kideak, eta eskolan bertan parte hartzen zuten emakumeak elkartu ginen.
Garai hartan Aurora Iturrioz zen berdintasun saileko teknikaria, eta nire ustez, eragin handia izan zuen Koordinadora Feministaren sorreran. Ekintza bateratua adostu genuen talde eta sentsibilitate ezberdinetako emakumeek, eta orduan erabaki genuen Koordinadora Feminista bezala izenpetzea.
Hori izan zen koordinadoraren sorrera hortaz.
Bai. Gure planteamendua egun jakinetan gauzak antolatzearena da, azaroaren 25ean, martxoaren 8an eta ekainaren 28an. Baina beharren arabera ere antolatzen gara, otsailean eraso sexisten aurka antolatu genuen manifestazioa kasu. Koordinadorako kideen formazioa ere bilatzen dugu, eta horretarako ikastaroak antolatzen ditugu Jabekuntza Eskolaren bitartez.
KK´inzona irratian ere kolaboratzen duzue.
Gorka Santestebanek ostiraletan egiten duen Gu ta gutarrak saioan tarte bat izaten dugu hilean behin, Aluen uluak deiturikoa. Oraindik maiztasun jakinik gabe gabiltza, baina gure hausnarketak, ideiak aireratzen ditugu irratiaren bitartez.
Emakumeen Etxea proiektua martxan jartzeko pausuak ere eman dituzue.
Emakumeen Etxea Jabekuntza Eskola indartu, sentsibilizazioa bilatu eta baliabide gehiago lortzeko proiektua da. Biltzeko toki duin bat eskatzen dugu. Iaz Gipuzkoako Foru Aldundiak ateratako aurrekontu parte hartzaileetan du oinarria eta gure proiektuak izan zituen bozka gehien. Legealdi berrian diru laguntza horiek moztu dituzte eta ezerezean gelditu da, baina borrokan jarraituko dugu.