Sahararen Aldeko X. Krossa egingo dute Ormaiztegin igande goizean
Bi lasterketa izango dira: hamar kilometrokoa eta testimoniala. Izena eman daiteke jada. Sahararrek inoiz baino laguntza gehiago behar dutela esan dute antolatzaileekIgandean Sahararen Aldeko X. Krossa egingo dute Ormaiztegin, Salem Hach Embarek-en oro...
Bi lasterketa izango dira: hamar kilometrokoa eta testimoniala. Izena eman daiteke jada. Sahararrek inoiz baino laguntza gehiago behar dutela esan dute antolatzaileek
Igandean Sahararen Aldeko X. Krossa egingo dute Ormaiztegin, Salem Hach Embarek-en oroimenez. Bi lasterketa izango dira. 11:00etan, lasterketa luzea hasiko da, hamar kilometrokoa. Hainbat itzuli emango dituzte herrian eta inguruko pistetan prestatutako ibilbidean. 12:15ean, berriz, lasterketa testimoniala hasiko da, kilometro batekoa. Haurrek eta korrika egiteko ohiturarik ez duen jendeak parte har dezake lasterketa laburrean, borondatearen truke.Lasterketa amaitutakoan, salda eta pintxoak banatuko dituzte. Bertsolariak ere izango dira, lasterketaren hasieran eta sari banaketan. Bestalde, aurten hamargarren urteurrena dela eta, informazio panelak jarriko dituzte herrian. Krossarekin lortutako dirua zein proiektutarako erabili den azalduko dute panelek. «Lasterketan parte hartzen dutenei aitortza egiteko modu bat da, beraiei esker zer lortu den erakutsiz», azaldu du Iñaki Amundarain antolatzaileak.
Amundarainen esanetan, sahararrek «inoiz baino laguntza handiagoa» behar dute. Izan ere, udazkeneko uholdeek etxerik gabe utzi ditu errefuxiatu kanpamenduetan bizi diren milaka saharar. Hain zuzen ere, etxerik gabe geratu direnei laguntzeko erabiliko dute aurten bildutako dirua.
Orain arte, lasterketarekin lortutako diruarekin, hainbat proiektu garatu ahal izan dituzte. Besteak beste, emagin postu bat hornitzeko, behar bereziak dituzten haurrentzako eskola eraikitzeko eta anbulantzia bat jartzeko erabili dute dirua. Bestalde, krossak herritarrak kontzientziatzeko ere balio izan duela uste du Amundarainek.
Festa giroa sortzea eta sahararrekiko elkartasuna adieraztea dira lasterketaren helburuak, eta ez lehia. Horregatik sortu zuten lasterketa testimoniala ere, edozeinek parte hartzeko aukera izan dezan. «Azkenaldian haurrak bakarrik ateratzen dira laburrean, baina helduei gogorazi nahi diegu ez dela soilik haurrentzat», esan du Amundarainek.
Jon Enrique Ormaiztegiko alkatearen hitzetan, herriarentzat garrantzitsua da lasterketa. «Hamar urte hauetan egitasmoa sendotu egin da, eta atzean jende pila bat ari da lanean, inplikazio maila handiarekin», esan du. Kirola eta elkartasuna uztartzeko aukera ederra iruditzen zaio.
Izen ematea irekita dago
Dagoeneko izena eman daiteke lasterketarako. Bi webgunetan eman daiteke izena: sahara-cross.com edo kirolprobak.com. Egunean bertan ere izango da aukera. Txip horia dutenek zortzi euro ordaindu behar dituzte, zuria alokairuan hartzen dutenek hamar euro, eta egunean bertan izena ematen dutenek hamabi.












