Helduen eskubideen alde
Gipuzkoako Helduen Elkarteen Plataformak adinekoen eskubideak kontuan har ditzatela eskatu die alderdi politikoei. Pentsio publikoak, gizarte zerbitzuak eta lan baldintza duin eta ...
Gipuzkoako Helduen Elkarteen Plataformak adinekoen eskubideak kontuan har ditzatela eskatu die alderdi politikoei. Pentsio publikoak, gizarte zerbitzuak eta lan baldintza duin eta egonkorrak dira aldarrikapen nagusiak.
Gizarteko kolektibo handia baina, aldi berean, ahula ere bada heldu edo adinekoena, batez ere ekonomikoki. Baina ahuleziatik indarrak atera, eta azken hilabeteotan Gipuzkoako Helduen Elkarteen Plataforman batuta ari da bere eskubideen alde lanean talde hori. 40.000tik gora kide ditu plataformak, eta lurraldeko 180.000 pentsiodunen babesa du ardatz. Migel Calvillo ordiziarra da bere ordezkarietako bat.
Adinekoen egoeran agintariek duten arduratik abiatuta, plataformak alderdi politikoekin elkarrizketa erronda bat egin du bere eskaera eta aldarrikapenen inguruan gogoeta bat eskatzeko, eta eskaera eta aldarrikapen horiek beren plangintzetan eta lan ildoetan sar ditzatela exijitzeko. Abenduko hauteskundeen aurretik elkartu ziren plataformakoak alderdi politikoekin, eta Calvillok lehen bilera haien «balorazio positiboa» egin du: «Gure proposamenak entzun entzun dituzte, eta, dirudienez, batzuk kontuan ere hartu dituzte, EH Bilduk bereziki». Proposamen horietako bat, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea da, eta zenbaki horixe bera erabili du, gainera, EAJk Gizarte Segurantzaren sistema propioaren proiektua berriki aurkeztu dutenean.
Pentsioekin bueltaka
Ez da pentsioen zenbatekoa adinekoen aldarrikapen bakarra, bai ordea nagusienetakoa. Kopuru hori, 1.080 euro, «ez da ausazkoa», azaldu du Calvillok, hainbat faktore kontuan hartuta kalkulatuta baitago: gutxieneko lansaria, pobreziaren atalasea, percapita errenta… Gutxieneko pentsioa bermatzeaz gain, «pentsioen sistema publikoa» ere babesteko eskatzen dute plataformatik. Horrekin batera, sistema hori bermatuko duten lan baldinza duin eta egonkorrak ere nahi dituzte. Eta hori guztia, «emakumeak berdintasunez» hartuta.
Plataformak kalera ere ateratzen ditu bere aldarrikapenak, eta elkarretaratzeak deituko ditu berriz ere datozen hilabeetan. Alderdi politikoekin irekitako bidearekin ere jarraituko dute. Adinduen eskubiden aldeko borrokak ez du etenik.