Ordiziako Azokak bertako eta garaiko produktua sustatzeko 12 hilabete 12 produktu egitasmoa jarri zuen martxan. Horren barnean, atzo, bere sagardoa ekoizten hasi berria den Ordiziako Tximista Sagardote- giaren txanda izan zen. Bakailao tortila dastatzera emateaz gain, euren sagardoa dastatu eta erosteko aukera izan zen 11:00ak eta 12:00ak artean herriko Plaza Nagusian.
Tximistako Amaia Blazquezek familiako sagardotegi tradizioari jarraipena eman dio senarra Aitor Esnaola lagun. «Hauxe zen gure erronka, sagardotegiko eskaintza borobildu nahi izan dugu eta gure sagastietako bat ematen hasi orduko sagardoa egiten hasi gara» azaldu zuen atzo. Oraindik produzio txikia izan arren, 10.000 litro pasatxo, parte txiki bat besterik ez da beraien sagarrondokoa, baina erabilitako guztia Gipuzkoako sagarra dela erantsi zuen Amaiak. Fraisoron ikasitakoa da, eta enologoen laguntza eta bezeroen iritzia kontuan hartuz egin dute Tximista sagardoa. Gipuzkoako sagardogileen elkartearen barnean eta Tolare zigilupean egindako sagardoa da, sagardotegian bertan txotx moduan eta boteilan ere salgai dena. Atzo, Maddi Otegik egindako bakailao tortila lagun zuela probatzeko aukera izan zen azokan.
Udaberriko zizak eta azak
Udaberriko ziza sortatxo batekin batera (100 gramo, kiloa 200 euroan), udaberriko azak dira oraingoz udaberriko eskaintza berrienak. Altzagako Arantxa Lopetegik, agindu bezala, aza gehiago ekarri ditu aste honetan. Bestalde, hain aurreratuak zetozen ilarrak gelditu egin dira: «Horitzen, ezin aurreratuz daude; eguraldi xelebrea doa eta zer gertatzen zaien antzematen zaila da», azaldu zuen produktore batek.
Hala, pazientzia aholkatzen dute bai landare saltzaileek eta baita hazitako patata salgai duen Jabier Lacalle aguraindarrak ere. Izan badaude bai tomate landareak, eta baita hazitako patatak ere: jaerla (goizeko patata), spunta (erdibidekoa) eta agria (urtekoa). Baina goiz da edozein baratzetan patatak erein edota tomateak aldatzeko. Eguraldiak ziurtasun handiagoa eman orduko eskainiko dugu informazio zabalagoa.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.