Udalek 710.000 euro gehiago jaso dituzte UFFF-ren 2015eko itxieran
Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako dirua %1,7 hazi zen 2015ean, aurrekontutik. Aurtengo urterako aurreikuspena %6,5 igo du diputazioak, Goierriko udalei 43,8 milioi emanda
Gipuzkoan zerga bilketa uste baino hobea izan zen iaz, urtearen itxiera egiterakoan. Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialdeko udalei finantzatzen laguntzeko daukan UFFF Udalak Finantzatzeko Foru Funtsak aurrekontua baino diru gehiago izan du. Denera, 7,4 milioi gehiago banatu ditu aldundiak, 88 udalen artean, otsailaren 25ean egin duen 2016ko lehen ordainketarekin batera. Udalen alderako geratu den gerakin positibo horretatik, Goierriko udalek 710.602 euro jaso dituzte aurreikusitakotik gora. 2015erako UFFFren kalkulua 41,1 milioian egin bazen, azkenean %1,7ko haziera izan du funtsak, ekitaldiaren bukaeran. Udalerri bakoitzak duen «pisuaren» arabera banatu dute soberakin hori ere, UFFFren aurrekontu banaketa bezalaxe. Biztanle kopurua eta bestelako adierazle fiskal eta ekonomiko batzuk hartzen dituzte kontuan. Foru Aldundiak nabarmendu du igoera hori «baikorra» dela udalentzat. Baina zuhurtzia ere eskatu die, hein berean: «Nazioarteko agertokian dauden ziurgabetasunek horretara behartzen gaituzte», esan du Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza diputatuak. Ildo horretan, egoera aldakorrak erakutsi du urrian aldundiak berak egin zuen itxiera-aurreikuspenetik likidazioak utzi duen saldora ere —hiru hilabete eskas— alde handia dagoela. 2015eko ekitaldia 14 milioi gehiagorekin bukatuko zela kalkulatu zuen orduan, %3,22ko igoerarekin aurrekontuarekiko. Azkenean, igoera izan da, baina aurreikuspen haren erdia bakarrik (7,4 milioi). Aurtengo ekitaldirako Gizarte Zerbitzuen Funtsa sortu du aldundiak, 10 milioi eurorekin hornitua. Datorren urtean 20 milioi edukiko ditu funts horrek. 2016rako diruak, %6,5 igota Udalak finantzatzeko aurtengo diru banaketak ere erabakita daude, iazko urtearen bukaeratik. Goierriko 22 udalek denera 43,8 milioi jasoko dituzte, lau ordainketatan zatituta. 2015eko aurrekontuarekin alderatuta %6,5 hazi da. Aldi berean, 2015eko likidazioa baino %4,8 gehiago ere bada, Goierrirako. Urrian aurkeztutako itxiera aurreikuspenean oinarritu du aldundiak 2016ko UFFFren aurrekontua. Gipuzkoar biztanle bakoitzeko, bataz beste, 641 euro dira. Goierrin, 629 euro buruko.