Bertso Eskolen arteko desafioarekin hasiko dira Martxoan Bertsoa girotzeko ekitaldiak
Martxoan Bertsoa programaren 14. edizioa bihar hasiko da, Hernani eta Urretxu-Zumarragako bertso eskolen arteko desafioarekin. Taldekako bertsolari txapelketa datorren ostiralean hasiko da eta apirilaren 15ean eskolarteko bertsopaper lehiaketako sariak banatuko
Martxoan Bertsoa programaren 14. edizioa bihar hasiko da, Hernani eta Urretxu-Zumarragako bertso eskolen arteko desafioarekin. Taldekako bertsolari txapelketa datorren ostiralean hasiko da eta apirilaren 15ean eskolarteko bertsopaper lehiaketako sariak banatuko dituzte.
Biharko ekitaldia 19:00etan hasiko da: bertso poteoa egingo dute, Urretxuko Fox tabernatik abiatuta. Ondoren, 21:00etan, bertso afaria egingo dute Zumarragako Amalur elkartean. Txartelak Urretxuko kultur etxean, Motz tabernan eta gaztetxean jarri dituzte salgai.
Biharko ekitaldiak Bertsotruk egitasmoaren barne antolatu dituzte. Bertsozale Elkartearen proiektu honen helburua helduen bertso eskolen arteko harremanak sustatzea da.
Bertsotruk egitasmoan 26 bertso eskolek eman dute izena. Bederatzi multzotan banatu dituzte. Urretxu eta Zumarragakoei Hernani eta Aramaiorekin aritzea tokatu zaie.
Bertso eskola bakoitzak bere multzoko beste biak hartuko ditu etxean eta beste bi herrietako bertso eskolek antolatutako ekitaldietara joango da. Emanaldia edozein motatakoa izan daiteke: bertso saio formala, bazkaria, antzerkia…
Martxoan Bertsoa programaren barne, Bertsotrukeko ekitaldiez gain, taldekako bertsolari txapelketa eta eskolarteko bertsopaper lehiaketa antolatu dituzte.
Txapelketa
Txapelketari dagokionez, hiru kanporaketa eta finala jokatuko dira. Lau saioak 23:00etan hasiko dira. Lehen kanporaketa martxoaren 4an jokatuko dute Motz tabernan, bigarrena 11n izango da Fox tabernan eta hirugarrena 12an Apatxe tabernan. Finala martxoaren 18an jokatuko dute, gaztetxean.
Eskolarteko bertso paper lehiaketaren sari banaketa, berriz, apirilaren 15ean izango da: 15:00etan, Zumarragako Zelai Arizti aretoan.
Urretxu eta Zumarragako gazteak hasi dira dagoeneko bertsoak idazten. Hiru maila ezberdin daude. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoen gaia Etorkizunean lanbide horretan aritu nahi nuke da, DBHko 1. eta 2. mailakoena Azken boladan sarritan haserretzen naiz ingurukoekin eta DBHko 3. eta 4. mailakoak gai librean ari dira. Lanak aurkezteko azken eguna martxoaren 4a da.