Zer iritzi dute nerabeek sexuaz eta maitasunaz?
Medicus Mundik gazteek maitasunari buruz duten iritzia ikertu du, Farapiren eta EHUren laguntzarekin. Helburua 13 eta 18 urte bitartekok maitasunari buruz duten iritzia ...
Medicus Mundik gazteek maitasunari buruz duten iritzia ikertu du, Farapiren eta EHUren laguntzarekin. Helburua 13 eta 18 urte bitartekok maitasunari buruz duten iritzia jasotzea zen, maitasunaren eta sexuaren inguruan dituzten itxaropenek beraien harremanetan ze eragin duten jakiteko. Gainera, sexua eta ugalketa osasunerako kaltegarriak izan daitezkeen eta indarkeria eragin dezaketen jarrerak detektatu nahi zituzten. Ikerketa egiteko Gipuzkoa osoko nerabeekin elkartu dira. Tartean, Legazpiko neska talde batekin.
Zortzi ondorio atera dituzte. Lehena, gazteek bikotea edukitzea beharrezko ikusten dutela. Osoki garatzeko beste pertsona bat ondoan behar dela uste dute eta bakarrik bizitzea porrotzat hartzen dute. Bikoterik ez izatea bakardadearekin eta zoramenarekin lotzen dute, batez ere nesken kasuan.
Maitasuna eta indarkeria
Bestalde, maitasuna eta indarkeria banaezinak direla uste dute askok. Batzuek borrokaldirik gabe ez dagoela maitasunik uste dute. Ikerlariek jelosiarekin eta bikotea kontrolatzeko ekintzekin bukatu beharra dagoela diote. Horrekin lotuta, teknologia berriak medio, bikoteak egun guztian komunikatuta daude. Neska askok beti bikotearen eskura egon behar direla uste dute.
Berdintasunaren alde daude, baina maitasun kontuan desberdintasuna legitimatzen dute.
Bestalde, gazteenek batez ere, homosexualitatea arbuiatzen dute. Gainera, neskek batez ere, beraien gorputza desiorako eta kontsumorako objektu bat izatea onartzen dute. Sexualitateari dagokionez, mutilen nahiei men egiteko joera dutela ikusi dute.
Bukatzeko, genero indarkeriaren aurka daude, baina beraien errealitatetik aparte ikusten dute, eta ez dute uste sekula pairatu dezaketenik. Baina talde gehienetan kontrol eta jazarpen egoerak pairatu izana onartu dute. Lan asko dago oraindik egiteko, beraz.