Ekainaren 19an egingo duten galdeketaren harira, nork erabaki, zer erabaki eta zertaz erabaki adosteko ekitaldia izan da gaur goizekoa.
Goierritar ugari bildu da gaur goizean Gure Esku Dago (GED) dinamikak Idiazabalgo pilotalekuan antolatu duen eztabaida irekiaren ekitaldira. GED-ko Angel Oiarbidek esan duenez, “Goierri guztiko 180 bat pertsona” bildu dira, orotara. Gaurko ekimena ekainaren 19an egingo den galdeketaren testuinguruan kokatu dute, eta nork erabaki, zer erabaki eta zertaz erabaki behar den herritar guztien artean adostea izan da gaurko erronka. Oiarbidek esan duenez, “gaur goizekoa zoragarria izan da”, erabakitzeko eskubidearen inguruan “askatasunez eta era eraikitzailean hitz egitea oso positiboa” delako, besteak beste.
GED dinamikaren ibilbidea laburbiltzen duen bideo batek ireki du ekitaldia. Ondoren, zenbait ordezkarik hitz egin dute, tartean Angel Oiarbide, Zelai Nikolas, Mario Zubiaga eta Aitziber Blancok. Hitzaldiaren ondoren hasi da eztabaida irekia. Bertaratutakoak taldetan banatu dituzte, koloretako gometxak erabiliz, eta talde bakoitzean moderatzaile bat egokitu da. Bigarren eztabaida bat egin da gero, taldeak berriz osatuz. Koloredun gometxa bakoitzak zenbaki bat zeraman, eta zenbakika banatu dituzte gero, parte hartzaileak. Talde bakoitzak bozeramaile bat izendatu du, eta gero ateratako ondorio nagusiak aipatu dituzte, taldeka. Amaitzeko, parte hartu duen herritar bakoitzak balorazio orri bat bete du, eta pilotalekuan jarritako hautesontzi batean bildu dituzte guztiak.
Oiarbideren hitzetan, “ekainaren 19ko galdeketa garrantzitsua da, baina garrantzitsuagoa da prozesua bera”. Horregatik azpimarratu nahi izan du gaur goizean Idiazabalen sortu den giroak balio duena. Izan ere, norberak dituen galderei erantzunak eman, ondokoak pentsatzen duenari erreparatu eta hausnarketa hori egitea “adostasunera iristeko lehendabiziko pausoa” da.
Gaur eztabaida amaituta, galdera komisioak ekainaren 19an egingo den galdera adostu beharko du, eta apirilaren hasieran jendaurrean aurkeztu beharko du. Apirilaren 9an emango zaio, berriz, hirugarren eta azken faseari hasiera, erabakiarena. Amaitzeko Oiarbidek prozesuaren pisua azpimarratu nahi izan du, “helburua ez delako bakarrik erabakitzea, erabakitzen ikastea baizik”.