Eguzkiari bira, 365 egunetan?
2016a bisurtea da, eta otsailak egun bat gehiago izango du, eguzki urtea eta gure egutegia bat etor daitezen.
Zer dute amankomunean ...
2016a bisurtea da, eta otsailak egun bat gehiago izango du, eguzki urtea eta gure egutegia bat etor daitezen.
Zer dute amankomunean Pablo III.a aita santuak, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak eta Mikel Balentziaga futbolariak? Hiruak gizonezkoak direla, eta ezagunak? Bai, baliteke. Baina badute lotzen dituen beste ezaugarri bat ere: otsailaren 29an jaioak direla, lau urtetik behin baino existitzen ez den egun bitxi horretan.
Bisurtea deitzen zaio 366 egun dituen urteari, ohiko moduan 365 egun izan beharrean. 2016a, hain zuzen, bisurtea da, eta otsailak 29 egun izango ditu. Baina ba al dakigu lau urtetik behin egutegiari egun bat gehitzearen arrazoia?
Azalpena sinplea da. Lurrak eguzkiari bira bat ematen irauten duen denbora tartea da urtea. Bira osoa emateko behar duen denbora, ordea, ez da juxtu 365 egunekoa. Zehazki, 365 egun, bost ordu eta 48 minutu pasatzen ditu Lurrak hasierako puntura iristen. Hau da, gutxi gorabehera, 365 egun eta egun laurden bat. Horregatik gehitzen zaio egun bat egutegiari lau urtean behin, atzerapenik egon ez dadin.
Zergatik otsailean?
Baten batek pentsa dezake: «A zer nolako inozokeria; urtean bost orduko aldea ezin da antzeman». Baina, ez da inozokeria. Izan ere, lehenengo urtean ez litzateke nabarituko, ezta zazpigarrenean ere. Baina, zer gertatuko litzateke urteak joan eta urteak etorri? Bada, iritsiko litzatekeela momenturen bat abuztuan negua izango litzatekeena, eta abenduan uda.
Egipziarrak konturatu ziren atzerapenaz. Gerora, Julio Cesar erromatarrak ezarri zuen bisurte eguna, Kristo Aurretik 45. urte inguruan. Erromatarren egutegian otsaila zen azken hilabetea, eta horregatik gehitu zioten egun bat hilabete horri.
Hala ere, atzerapenik egon ez dadin, nahikoa al da lau urtean behin egutegiari egun bat gehitzea? Ez, ba. Izan ere, gogora dezagun eguzki urte batek 365 egun, bost ordu eta 48 minutu dituela. Hau da, urtez urteko atzerapena ez da zehazki egun laurdenekoa (sei ordu), pixkat bat gutxiago baizik.
2100ean bisurterik ez
Bisurteen ondorioz, hortaz, beste desoreka txiki bat sortzen da: lau urtetik behin hamabi minutuko aurrerapena, gutxi gorabehera. Eta desoreka hori konpontzeko, ehun urtean behin, bisurtea izan beharko lukeen urte bat ez da bisurtea izaten. Esaterako, 2100 ez da bisurtea izango, hala tokatuko litzatekeen arren.
Ondorioa: gizakion egutegia ez dator bat naturaren egutegiarekin, eta, parean jartzeko, hainbat egokitzapen egin behar izaten ditugu. Astronomoentzat, buruhausteak. Baina, buruhauste handiena, noizbait otsailaren 29an jaio ziren haientzat. Esaterako, noiz ospatu urtebetetzea bisurtea ez diren urteetan? Edo, are okerrago, lagunen bat otsailaren 29koa bada, noiz zoriondu? Eta, otsailaren 29an ezkonduz gero, noiz ospatu zilarrezko ezteiak?
Noiz ospatu?
Espainiako estatuan bezperako eguna da otsailaren 29an jaiotakoen urtebetetze egun ofiziala. Hala ere, bakoitzak nahi duenean ospatzen du, noski. Mundu osoan bost milioi lagunetik gora daude otsailaren 29an jaiotakoak. Egia esan, egun horretan jaiotzeko aukerak ez dira handiak: %0,07. Hau da, 1.461etik bakarra.
Ohitura bitxiak
Egun horri lotutako hainbat ohitura bitxi ere badira munduan zehar. Esaterako, Irlandan eta Eskozian, otsailaren 29an ezkontzeko proposamena egin ziezaioketen emakumeek gizonezkoei —egun horretan baino ez zuten proposamena egiteko baimena—. Antza denez, Irlandan hasi zuten tradizioa, V. mendean, eta Eskozian jarraitu, XIII. Mendean. Eskoziako kasuan, gainera, gizonezkoak ezezkoa emanez gero, emakumeari ordaindu beharko zion pasarazitako lotsagatik.
Zorte txarrarekin ere lotu izan da bisurtea. Grezian, esaterako, saihestu egiten zuten bisurteetan ezkontzea. 2012az geroztik, bestalde, Gaixotasun Arraroen Nazioarteko Eguna da otsailaren 29a.
Iñaki Godoy (2000ko otsailaren 29an jaioa)
«Beti otsailaren 28an ospatzen dut nire urtebetetzea. Txikitatik, gehiago gustatu izan zait otsaila martxoa baino. Aurten, ordea, 29an ospatuko dut, nire egunean. Hala ere, niretzat ez da zerbait berezia, ez didate ilusio berezirik egiten urte bisurteek. Gainera, aurten astelehena tokatuko da, eta horrek bai ez didala graziarik egiten». «Lagunek adarra jotzen didate, lau urte beteko ditudala esanez, baina ez dit molestatzen. Norbaiti nire jaioteguna esatean, berriz, harritu egiten dira».
M. Jose Agirre (1992ko otsailaren 29an ezkondua)
«Otsailaren 29an ezkondu ginen, garai hartan oso zaila izaten baitzen ezkontza ospatzeko jatetxea aurkitzea. Egun hori baino ez zuten libre, jendeak ez zuelako otsailaren 29an ezkondu nahi. Guri ez zitzaigun batere inporta. Inauteriak ziren, eta primerako eguraldia egin zuen». «Urteurrena beti asteburuan ospatzen dugu, lanagatik. Hortaz, berdin du bisurtea izan ala ez, egunean ospatzerik ez dugulako izaten. Askok jotzen digute adarra, esanez ez garela inoiz zilarrezko edo urrezko ezteietara iritsiko».
Mikel Balentziaga (1988ko otsailaren 29an jaioa)
«Pozik nago otsailaren 29an jaio izanaz, bi egunetan ospatzeko aukera ematen didalako: 28an lagunekin eta martxoaren 1ean familiarekin. Athleticen ere nahikoa lata ematen diet taldekideei, bi egunetan zoriondu nazaten». «Bisurtea tokatzen denean ez dut modu berezi batean ospatzen. Aurten astelehena tokatzen denez, entrenamendua izango dut. Entrenamendua amaitutakoan neskarekin bazkalduko dut, eta arratsaldean agian gurasoak etorriko dira Bilbora».
Amaia Garmendia (1968ko otsailaren 29an jaioa)
«Otsailaren 28an ospatzen ditut urteak, otsailaren azken egunekoa naizelako, eta ez martxokoa. Bisurtea tokatzen denean berezia izaten da. Etxekoez gain, ahizpekin eta ilobekin ospatzen dut orduan». «Irakaslea naiz, eta otsailaren 29ak joko asko ematen dit ikasleekin, batez ere matematikak lantzeko. Esaten diedanean 11 urte ditudala, ez dute ezer ulertzen». «23:45ean jaio nintzen, eta gurasoei aukera eman zieten martxoaren 1ean jaio izan banintz bezala erregistratzeko. Ez zuten egin, eta pozten naiz».