AHT-aren argi-ilunak
Ia %100ean amaituta daude Goierrin azpiegitura lanak; guztira 578 milioi euroko kostua izan dute lan horiek.
Abiadura Handiko Trenaren lanak motel, baina ...
Ia %100ean amaituta daude Goierrin azpiegitura lanak; guztira 578 milioi euroko kostua izan dute lan horiek.
Abiadura Handiko Trenaren lanak motel, baina ia etenik gabe doaz aurrera Goierrin. Hasieran izandako oihartzuna apalduz joan da azken urteetan, ia isiltzeraino. Berririk apenas argitaratu da medioetan, Euskal Herrian inoiz egin den azpiegitura handienaren kontrako aldarriak eta ekintzak baretuz joan dira, baina trenak bere bidea egiten jarraitu du, ia isilean.
Eusko Jaurlaritzak AHTaren lanak hasitzat eman zituen Goierrin 2008ko apirilean. Itsasondo-Beasain zatia izan zen egiten hasi ziren aurrena. Ezkio-Itsason amaitutzat eman dituzte lanak 2015eko abenduaren 31n, eta trena 2019rako martxan izango dela nabarmendu dute agintariek. Baina oraindik asko dago egiteko.
Azpiegitura edo plataforma lanak izan dira egin dituzten lehenengoak, eta tunelak, biaduktuak eta aire zabaleko lur-berdinketak egiteko baliatu dituzte. Eusko Jaurlaritzaren menpeko Euskal Trenbide Sarea (ETS) sozietate publikoak egin ditu orain arteko lanak Goierrin eta Gipuzkoan. «Goierrin lanak %100ean amaituta daude Ezkio-Beasain, Beasain ekialdea, Beasain mendebaldea eta Ordizia-Itsasondo zatietan», Gorka Eraña ETSko komunikazio zuzendariak esandakoaren arabera. Lanak oso aurreratuta daude Goierriko gainontzeko eremuetan ere: Antzuola-Ezkio ekialdean %86an, Antzuola-Ezkio mendebaldean %80an eta Ezkion %99an.
Aipatutako eremuetan egindako lanek «578,53 milioi euroko kostua izan dute», Erañak argitu duenez, aurreikusitakoa baino 80,53 milioi euro gehiago. Iturri beraren arabera, guztira 470 lursail desjabetu dituzte Goierrin, horietatik 111 Ezkio-Itsason. Obra erraldoi horrek izan duen eragina ulertzeko, esanguratsua da ondoko datua ere: Bergara eta Astigarraga artean egindako lanetan 31.700.000 metro kubiko lur mugitu dituzte.
Superestruktura lanak
Azpiegitura lanik handienak amaituta, superestruktura lanak egitea gelditzen da orain. Horien barruan eraikiko dira trenarentzako bideak, elektrifikazioa, segurtasuna, seinaleztapena eta komunikazioak. Lan horiek Espainiako Sustapen Ministerioren menpeko ADIFen –tren azpiegituren administraziorako enpresa erakunde publikoa– eskumenekoak dira. Ezer gutxi jakin da orain arte lan horien gainean, baina 2018an has daitezkeela uste du ETSk.
«Goierrin orain arte egin diren lanek 578,53 milioi euroko kostua izan dute»
Gorka Eraña, ETSko Komunikazio saila«640 milioi euro bideratuko dituzte 2016an AHTren lanak finantzatzeko»
Amagoia Eskudero, AHT Gelditu! Elkarlana«Aire librean bi kilometroko plataforma bat egiteko leku bakarra da Ezkio»
Garikoitz Aiesta, Ezkio-Itsasoko alkatea«Superestruktura lanak 2018an hasi daitezke daukagun informazioaren arabera»
Gorka Eraña, ETSko Komunikazio saila«Hiriburuetarako sarbideak zehaztu gabe daude, baita zeinek ordainduko dituen ere»
Amagoia Eskudero, AHT Gelditu! Elkarlana«Boleto asko daude Nafarroako lotunea Ezkio-Itsasotik barrena izateko»
Garikoitz Aiesta, Ezkio-Itsasoko alkatea
Ez dira, dena den, superestrukturakoak egiteko dauden lan bakarrak. Ezkio-Itsasoko geltokiaren lanak ere hasteko daude, medioren batean lan horiek amaituta daudela argitaratu bada ere. Lan horiek «Espainiako Ministerioarekin adostuta dagoen akordioaren baitakoak dira, baina aipatutako akordioan aldaketarik egin gabe Jaurlaritzak ezin du proiektua idatzi, ezta lanak lehiaketara atera ere». Egin beharreko izapideak «arin» eginez gero, «2017ko lehenengo hiruhilekoan» lanak egiten hasteko moduan izango direla adierazi du ETSk.
Nafarroako lotunea
Gipuzkoa eta Nafarroa batuko ditu, besteak beste, AHTak, baina oraindik erabakitzeko dago lotunea nondik norakoa izango den. Gaur-gaurkoz lau aukera daude mahai gainean, eta Espainiako Sustapen Ministerioa horien gaineko ingurumen txostena gauzatzen ari da. Lau aukerek Nafarroako Zuasti herria dute helmuga. Lehenak Zuasti eta Tolosa batuko lituzke eta Aralar mendilerroa zeharkatuko luke tunel handi baten bitartez. Bigarrenak Zuasti Beasainekin lotuko luke, kasu honetan ere Aralar mendilerroa zeharkatuko luke trenak, Lizarrustitik gertu. Hirugarrenak Ezkio-Itsasorekin egingo luke lotura, Altzanikoa mendiak zeharkatuz. Laugarrenak eta azkenak Zuasti eta Gasteiz batuko lituzke. Egun RENFEk duen trenbidea baliatuz, abiadura handiko trenarentzat hirugarren karril bat eraikitzea aurreikusten da, Sakana mutur batetik bestera zeharkatuko lukeena.
Lotuneak eztabaida ugari sortu ditu. Eusko Jaurlaritza, esaterako, Ezkio-Itsasokoaren aldekoa da, «Kantabriara eta Mediterraneo aldera joateko, gaitasuna eta denborari dagokionean, zerbitzu egokienak» ematen dituelako. AHT Gelditu! Elkarlanak, aldiz, «astakeriatzat» jo ditu lau alternatibak. Amagoia Eskudero kideak adierazitakoaren arabera, «aukera guztietan xahutu beharreko diru kantitateak basatiak dira». Bat aukeratzekotan «hirugarren karrilaren aldeko apustua» egingo lukeela aipatu du, nahiz eta, horrek ere «gainkostuak eta txikizioak ekarriko» dituela nabarmendu.
2016ari begira, Espainiako Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak «640 milioi euro xahutuko» dituztela salatu du, aurten «ingurumenera zuzendutako aurrekontuetatik %52 AHTren obretara bideratuko» dituztela esatearekin bat. 2019an AHTa martxan ikustea ez dela posible izango uste du Eskuderok, aurreikuspenak ez baitira «errealak». Hiriburuetarako sarbideak zehazteko proiektuak, adibidez, «oraindik idatzi gabe» daude. «Ez dakite lan horiek zeinek ordaindu beharko dituen, Jaurlaritzak ala Espainiako Gobernuak». Eraikuntza lanak iraun duten bitartean ere «argi» ikusi da hori. «Aldaketak egin dituzte lanean ari izan diren bitartean, eta horrek kostuak areagotu ditu».
Ezkio-Itsaso mugarri
Abiadura Handiko Trenaren lanek Goierrin izan duten talka eztabaida ezina da gaur egun. Baina nonbait eraginik izan badu, Ezkio-Itsason izan da. AHTaren obra erraldoian Ezkio-Itsaso «estrategikoa» izan da, Garikoitz Aiesta alkatearen iritziz: «Orografia aldetik, Gipuzkoa osoan, aire librean bi kilometro luzeko plataforma bat egiteko leku bakarra da».
2010ean hasi ziren obrak Ezkion, eta lanik potoloenak 2014rako amaitu bazituzten ere, «2015eko abenduaren 31n eman dituzte ofizialki amaitutzat». Dena den, Ezkio-Itsasoko geltokia amaitu gabe dago oraindik. «Plataforma eginda dago, hormigoi lana eta lur mugimenduak. Horrez gain, ez dago beste ezer eginda». Geltokiko lanak ADIFen eskumenekoak dira, eta «plataforma eta superestruktura lanetatik aparte» egin behar dira. Pertsonentzako izango dela aurreikusten da Sustapen Ministeriotik esandakoaren arabera.
Aiestak, trena martxan ikusiko duen galdetuta, «zalantza handiak» dituela erantzun du. Oraindik zenbait eremuetan gauzatu beharreko proiektuak zehazteko daude, eta gainera, «iparralderako (Frantzia) eta hegoalderako (Espainia) irteerarik ez du trenak», oraingoz. Baina horren gainetik, trenaren beraren bideragarritasuna jartzen du zalantzan Aiestak: «Ez ekonomikoa soilik, baita soziala ere». Egun, hegazkinez bidaiatzea zein merkea den ikusita, zalantzan jarri du trena zenbat pertsonek erabiliko luketen egunerokoan, besteak beste, «txartelak garestiak» izatea aurreikusten delako. Arazorik nagusiena, dena den, ekonomikoa da, «ADIFek duen zor publikoa beldurgarria baita».
Hegoalderako irteera, Gipuzkoa eta Nafarroa lotuko dituen bidetik barrena joango da. Gai horrek ere kezka sortzen dio Ezkio-Itsasoko alkateari. Dauden lau aukeren artean, «boleto asko daude lotura Ezkio-Itsasotik barrenekoa» izateko. Aralar mendikatea zeharkatuko luketen bi aukerak «astakeria galanta» dira Aiestaretzat, eta hirugarren erreiarenak «zentzu gutxi du», zenbait kilometrotan ohiko trenen abiaduran joan beharko luketelako.
Muga fisikoa betiko
Lotura Ezkio-Itsasotik egitea erabakiko balitz «obra konplexua» izango dela iragarri du alkateak, eta aurrekoak bezala «arazoak» ekarriko dituela. Baina garbi dauka, Ezkio-Itsasok «beste azpiegitura eredu bat defendatzen» duen arren, ezer gutxi dutela borrokatzeko, eta orain arte bezala, gainera etor daitekeen hori «ahalik eta egokien kudeatzea» tokatuko zaiela. Sustapen Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak eta Ezkio-Itsasoko Udalak 2015eko azaroan berritu dute hitzarmena. «Akordioetara iristeko, negoziatzeko daukagun bitarteko bakarra da hitzarmen hau», argitu du Aiestak.
Lanak amaituko dituzte noizbait, baina obrek Ezkio-Itsason utzi dituen zauriak betiko geratuko dira. «Paisaiari dagokionean muga fisikoa sortu du, bideak, sarbideak lekuz aldatu behar izan ditugu, faunari eragin dio eta etorkizunari begira zentzu askotan mugatuta utzi gaitu». Trena abiadura handian ikusteko aukera izango da agian etorkizunean, baina lanek, oraindik, beste erritmo batean egingo dute aurrera.
Azpiegitura lan gehienak amaituta daude dagoeneko Goierrin
Ordizia-Itsasondo eremuko lanak izan ziren Goierrin egiten hasi ziren lehenak, eta 2012ko otsailean amaitu zituzten. Beasain ekialdeko lanak urte bereko urtarrilaren 21ean amaitu zituzten. Beasain Ezkio-Itsasorekin lotzen duen zatiko lanak 2010eko abenduan hasi zituzten, eta 2012ko irailean tunelaren zulaketa lanak amaitu zituzten.
Ezkio-Itsasotik Antzuolara bitarteko lanak 2011ko otsailaren 3an hasi zituzten. Goierri mailan konplexutasun handieneko lanak izan ziren. Ia zazpi kilometro luze da eta bi zatitan banatuta egin ziren lanak. Urretxu-Antzuola zatia batetik, eta Zumarraga eta Ezkio-Itsaso artekoa, bestetik. Azken horretan, AHTaren lanetan egongo den tunel luzeena (5,3 km) eraiki zuten. Iazko abuztuan tuneleko lanak gelditu zituzten, jaurlaritza ordainketetan atzeratu zela eta.
Madalena Irastorza, Ezkio-Itsasoko Zelaeta baserrikoa
«Bi etxeak bota eta lurrak kendu behar zizkigutela esan ziguten, hasieran sustoa handia izan zen»
Madalena Irastorza (Legazpi, 1941) Ezkio-Itsasoko Zelaeta baserrira ezkondu zen, eta bertan darama ia bizitza osoa. Orain 20 bat urte baserri zaharra utzi, eta ondoan, familiako lurretan, etxe berria egitea erabaki zuten. Bi etxeak –Zelaeta izenarekin biak– zutik diraute gaur egun, baina inguruko paisaia erruz aldatu zaie. Abiadura Handiko Trena etxe ondotik pasatuko da, eta erraiak eutsiko dituen pareta etxeari ia itsatsita daukate orain.
Orain 20 urte egin zenuten egun bizi zareten etxea.
Bai, baina ordurako AHTko lanen trazatua eta proiektua idatzita zegoen. Etxe berria egiten hasi aurretik ondo aztertu genituen planoak, eta eraikitzen hasterako leku egokiena aukeratu genuen.
Leku egokiena, ustez, ala?
Orain bost urte, Eusko Jaurlaritzatik bi etxeak bota eta hainbat lur desjabetu behar zizkigutela esan ziguten. Hasierako proiektu hartan aldaketak egin zituzten, dirudienez, eta trenak egin beharreko bideak bi etxeak zeharkatzen zituen.
Nola hartu zenuten espero gabeko albiste hori?
Sustoa handia izan zen. Oso gaizki pasatu genuen eta hori gainditzea urtebete pasa kosta zitzaigun. Nik ez nuen jaten, ez nuen lorik egiten… Abokatuekin jarri ginen harremanetan, gure esku zegoen guztia egiteko asmotan.
Nola konpondu zen azkenean?
Horretan geundela, Espainiako Ministeriotik bi neska gazte agertu ziren behin etxe ondora. AHTko lanen planoak zekartzaten gainean eta begiratu bat emateko aukera izan nuen. Plano haiek, guk etxe berria egiten hasi aurretik ikusitako berdinak ziren. Hala ere, nahikoa berriak zirela konturatu nintzen, data jarrita zutelako. Trenaren behin betiko trazatua hura izango al zen galdetu nien, eta beraiek baiezkoa erantzun zidaten.
Zer egin zenuten orduan?
Onena itxarotea zela erabaki genuen. Dirudienez, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Ministerioaren arteko gaizki ulerturen bat izan zen guztia. Trena, azkenean gure lurretatik igaroko da, baina ez etxeak dauden lekutik.
Obrak hasi aurretik, negoziatzea tokatu zitzaizuen gero.
10.000 bat metro koadro lur desjabetu zizkiguten. Beraiek jarri zuten hasierako prezioa, baina negoziatzeko aukera izan genuen. Horretaz gainera, hasierako proiektuan, gaur pareta dagoen lekuan harri-lubeta bat –escollera– zegoen aurreikusita. Harri-lubeta etxe kontraraino iristen zen, eta guk, udaletxearen bitartez pareta bat egitea proposatu genien, trena etxetik urrunxeago pasa zedin. Baiezko erantzun ziguten.
Orain ADIFenak diren lurretan etxeko ura hornitzeko iturburu bat ere badugu, paretaren beste aldean. Bertara joateko galeria bat egiteko eskatu genuen. Ez da posible izan, horrelako azpiegitura batean ezinezkoa delako, baina pasabide bat egin digute.
Gustura zaudete hortaz, negoziaketekin.
Ez daukagu kexarik, nahi genuen guztia lortu dugu. Obrak iraun bitartean hautsa eta hotsak jasan behar izan ditugu, baina mota honetako obrek berekin dakartenak dira, eta aurrez jakin bagenekien horrela izango zela.