Sasietak zabor bilketarako ibilgailu flota berritu du
Sasieta Mankomunitakeak hondakinen bilketarako flota guztia berritu du, hamalau ibilgailu erosita. Guztira 1.653.000 euroko inbertsioa izan da; alboko kargarako hiru kamioi, atzeko kargako bost, traste zaharrak biltzeko bat, hiru furgoneta eta bi auto elektrikok osatzen dute flota hori. Edukiontziak garbitzeko erabiltzen den kamioia mantendu egin dute. Ibilgailu berriek “puntako teknologia” erabiliko dutela eta “zarata gutxiago” ateratzen dutela azaldu dute.
Gaur aurkeztu dute ibilgailu flota berria Sasietaren egoitzan. Aitor Aldasoro mankomunitateko lehendakariak azaldu duenez, aurreko flota “14 urtez aritu da lanean eta 33.000 lan ordu” pilatu dituzte guztira. Denbora horretan, “munduari 85 aldiz itzulia” emateko adina kilometro egin dituzte. Enrike Enparantza teknikariaren arabera “normalean 10 urte egiten dute kamioiek, edo gehienez 12. Gureek 14 urte iraun dute”.