Bi trafiko istripuk 6 kilometroko auto ilarak sortu dituzte N-1ean
Goiz korapilotsua izaten ari da N-1 errepidean. Bi istripu gertatu dira ordu beretsuan, Ordizia eta Itsasondo artean, biak ere Gasteizko norabidean. Goizeko 08:36an, auto bat errepidetik irten eta bazterra jo du. Berehala autoak gelditzen eta pilaketak sortzen hasi dira, eta lehen ezbeharretik apenas 3 minutura, beste lau kotxeren artekoa gertatu da, nunbait, auto ilarak ikusi eta frenatzerakoan elkar jotzearen ondorioz.
Bi istripu horiek direla eta, une batean itxita gelditu da zirkulazioa Gasteizko norantzan. Ertzainek errail bat ireki dute gero, baina trafikoa motela da oraindik. Eusko Jaurlaritzako trafiko zuzendaritzatik, arretaz gidatzeko deia egin dute, euria dela eta, errepidea irristakor dago eta.