Beasaingo udaletxea.
Beasaingo EAJk ohar bidez erantzun dio EH Bildu udal arkitekoaren lehiaketaren inguruan egindako salaketei. «Iruzurretan aritzea» leporatu dio alderdi jeltzaleak EH Bilduri, «gezurrez baliatuta, udal gobernuaren jarduna zalantzan jarri eta herritarren artean mesfidantza sortu nahi dute».
EAJk gogoratu duenez, «beraiek ez bezala, oraingoan udalak lehiaketa publiko bidez kontratatuko du hirigintza aholkularitza zerbitzua. Duela lau urte prozedura negoziatu bidez kontratatu zirean, urte beterako». Deialdira lau enpresa gonbidatuak izan zirela gehitu du EAJk: «Lau enpresetatik bakarra aurkeztu zen eta enpresa hori izan zen kontratatua. Kasualitatez, aholkularitza enpresaren arduradunetako bat, EH Bilduko kide kualifikatua zen, ordura arte kargu publikoetan EH Bildu alderdia ordezkatzen ibili zena». Udal gobernu talde berriak «gauzak ondo egin nahi ditu eta lehiaketa publiko bitartez kontratatuko ditu aipatu zerbitzuak, lehiaketa ireki eta publikoak aukera berdintasuna bermatzen duelako eta kalitatezko zerbitzuak exijitu ahal izatea ahalbidetzen duelako».
Era horretan, «EH Bildu, beren zinegotziek egindako gauza bera errepikatzearen beldur» dela diote, «aurrez aukeratutako pertsona/enpresa kontratatzearen beldur da, baina hori ez da gure eredua, ez da EAJren lan egiteko modua». Baldintza pleguetan irizpide zorrotzak ezarri eta jaso behar direla uste du, «eta hala egin da», diote. Herritarrei informazioa «Herritarrei informazio osoa ematea helburu hartuta», jeltzaleek argitu dute Arkitektoen Elkargo Ofizialak lehen errekurtsoa zehaztapenak falta zirelako aurkeztu zuela: «Dokumentua legezkoa bazen ere, gauzak ondo egiteko eta AEOren gomendioak eta eskakizunak betetzeko baldintza plegu berria egitea erabaki zen». Hamaika enpresen eskaintza aurkeztu ziren lehiaketara. «Deialditik kanpo geratu den enpresa horietako batek bere Arkitektoen Elkargora jo du eta honek jarri du erreklamazioa», zehaztu du EAJk. Dena den, garbi utzi nahi izan du erreklamazio hori ez dela aintzat hartua izan.
EH Bilduri egoera horretaz baliatzea leporatu dio EAJk eta «gezurrak eta iruzurrak erabiliz oposizio erasotzailea egin ordez, oposizio eraikitzailea egiteko gonbita luzatu diote».