Barrikotea eta bertso saioa egingo dituzte, 18:30etik aurrera.
Biharko barrikotean omenduko dituzten herritarretako batzuk. / Arg.: Arkaitz Apalategi
Urteroko ohiturari jarraituz, barrikotea egingo dute bihar Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri museoan. Bertako dolarean egindako
sagardoa dastatzeko aukera izango da. Sagardoaz gain, mokadutxoa ere jarriko dute jateko. Hitzordua 18:30ean jarri dute, eta 19:00etan irekiko dituzte upelak.
Giroa alaitzeko,
trikitilariak izango dira barrikotean. Horrez gain, Urretxu-Zumarragako bertso eskolako kideek
bertso saioa eskainiko dute.
Aurtengo omenduak
Urtero herriko norbait omentzen dute barrikotean. Aurten, sagardo astean zehar Igartubeitiko dolarea martxan ipintzeaz arduratzen diren herritarrak omenduko dituzte: Juan, Pedro, Joseba, Luis Mari, Bitorino eta Jose Luis. Haiena izango da
upelak irekitzeko ohorea.
Igartubeitik antolatzen du barrikotea, Yartu kultur elkartearen eta Urretxu-Zumarragako bertso eskolaren laguntzarekin.