Eguraldiak okerrera egingo du eta negu giroa iragarri dute astebururako
Gaurkoan eguraldiak tregua eman badu ere, arratsaldetik aurrera berriz ere okerrera egingo du, Euskalmet metereologia agentziaren arabera. Hala, berriz ere negu giroa izango da asteburuan, eta abisu horia eman dute, elurra 500-600 metroko mailan egin dezake eta.
Abisu horia arratsaldeko 18:00etan sartuko da indarrean barnealdean. Elur kota 1.000 inguruan kokatuko da, baina egunaren azken orduetan 700-800 metrora jaitsi daiteke. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, eta 1.000 metroan, 3 eta 10 zentimetroko elurra pilatu daiteke.
Biharko ere, antzeko iragarpena. Elur kota 600-800 metrotan kokatuko da; arratsalderako igo egingo da, baina gauerako, atzera 500-600 metrora jaitsi daiteke. 1.000 metrotan 10 eta 30 zentimetro artean pilatuko da elirra, eta 600 metroan 0 eta 5 zentimetro artean. Igandean ere, joera bera mantenduko da.
Hori guztia dela eta, errepideetan arreta handiz gidatzeko deia egin du Herrizaingo Sailak.