Octavian Romanescu, Txindoki taldeko atleta.
Atletismo arloan asteburu betea izango dute Goierriko atletek. Madrilen eta Salamancan Estatu mailako txapelketak jokatuko dira. Madrilgo
Pista estaliko Espainiako Txapelketan, Atletico San Sebastian taldeko
Alazne Furundarena ordiziarrak eta Txindoki Jaso taldeko
Octavian Romanescuk parte hartuko dute, 60 metroko lasterketan. Furundarenaren helburua podiumeko postu bat lortzea izango da, eta ahal balitz, berak jarritako Gipuzkoako marka (7:47) hobetzea. Euskadiko pista estaliko txapelketan lan ona egitetik dator Furundarena, bi titulu lortu baitzituen: 60 metrokoa eta 200 metrokoa, biak ere marka onekin. Romanescu berriz, Euskadikoan lortutako 6:86ko marka hobetzen saiatuko da Espainiakoan; gehienez ere finalerdiak jokatzeko aukera izango du, atleta atzerritarra izanda, ezingo bailuke finalean aritu.
Bestalde, Salamancan
jubenil mailako Espainiako Txapelketa jokatuko dute. Han ere, Txindoki Jaso atletismo taldeko 4 atleta ariko dira. Ane Torres eta Leire Garmendia pisu jaurtiketan, Ainara Zubeldia 60 eta 200 metroko lasterketetan eta Nora Tobar proba konbinatuetan.
Azkenik, jaurtiketa luzeen eta proba libreen Euskadiko Txapelketa jokatuko dute Durangon. Eta Berrizen, Eskola arteko Euskadiko Kros Txapelketa. Oianguren Institutuko mutilen eta nesken taldeez gain, Gipuzkoako Selekzioarekin ariko dira Mikel Samaniego, Ander Gabardino eta Iraia Mendia. Zumarragan ere eskola arteko krosa izango dute alebin eta infantil mailan.
Dorleta Armendariz 4. Espainiako Txapelketan
Pasa den asteburuan Jaurtiketa luzeen Espainiako Txapelketa jokatu zuten Jaenen (Andaluzia, Espainia). Dorleta Armendariz jaurtitzaile gazteak aurreneko saioa egin zuen han, eta emaitza bikainak lortu zituen. Izan ere, 4. postua lortu zuen, 51.04ko jaurtiketarekin.