Joseba Apaolazak ‘Kreditua’ antzeztuko du gaur Zelai Arizti aretoan
Joseba Apaolaza aktore urretxuarrak Kreditua lana antzeztuko du gaur Zumarragako Zelai Arizti aretoan, Zuhaitz Gurrutxagarekin batera. Antzerki saioa 22:30ean hasiko da eta sarrerak 10 euro balio du. Gazte Txartela aurkezten
Joseba Apaolaza aktore urretxuarrak Kreditua lana antzeztuko du gaur Zumarragako Zelai Arizti aretoan, Zuhaitz Gurrutxagarekin batera. Antzerki saioa 22:30ean hasiko da eta sarrerak 10 euro balio du. Gazte Txartela aurkezten dutenek 7 euro ordainduko dute eta 22:00etatik aurrera 30 urte azpikoek 5 euro bakarrik.
Kreditua antzezlanean Apaolaza banketxe baten bulegoko zuzendaria da. Ezezagun bat kreditu baten eske joango zaio eta ezezkoa emango dio. Bezeroak mehatxu «xelebre» bat egingo dio. Mehatxu honek zuzendariaren bizitza hankaz gora jarriko du.
Apaolazak Kreditua lanak merezi duela dio. «Lanari buruz beti aipatzen dudan lehen gauza testua bera da. Munduko toki askotan antzezten ari dira. Hori da bermerik onena. Gure emanaldietan jendea gozatzen ari da. Gizakiok zein hauskorrak garen erakusten duen komedia bat da. Gure buruaz barre egiteko aukera polita da».
Urretxuarra Jokoz kanpo antzezlanean ere lan egiten ari da, Asier Hormaza eta Asier Sotarekin batera. «Haur mailako futbol partidetan gertatzen diren gehiegikeriei buruzkoa da. Etsaituta dauden bi entrenatzaile dira protagonistak. Euskarazko bertsioak erantzun oso ona jaso du eta gaztelerazkoak ere harrera ona izatea espero dugu». Apirilaren 22an Ordiziako Herri Antzokian antzeztuko dute lan hori.
Horretaz gain, Apaolaza Pankreas lanaren azken emanaldiak egiten ari da. Eskamak kentzen ETB1eko telesailean ere parte hartzen du. Gabonak baino lehen bukatu zuten lehen denboraldiaren grabaketa.
Apirilean, berriz, William Shakespeareren Uda gau bateko ametsa estreinatuko du. Muntaia hori Bilboko Arriaga antzokiak ekoiztu du. Udan, antzezlan bereko pertsonaia bera antzeztuko du, Donostia Kulturaren muntaian. Emanaldiak Kristina Enea parkean izango dira. «Muntaia honetan Basque Culinary Centerrek eta dantzariek parte hartuko dute», aurreratu du urretxuarrak.
«Lan hau toki askotan antzezten ari dira: hori da bermerik onena»
Joseba Apaolaza (Aktore urretxuarra)