Kataluniako ERC, CUP eta CDC alderdietako ordezkarien saioa Martxelo Otamendik gidatuko du. Astelehenetik asteazkenera Kataluniako eta Euskal Herriko egoera aztertuko dute Seguran
David Fernandez (CUP) eta Joan Tarda (ERC). Argazkia: Iñigo Uriz / Argazki Press
Datorren astea, astelehenetik igandera, ekintzaz bete-betea izango da Seguran, XXI. Iparra-Hegoa kultur asteari esker.
Euskal Herria eta Katalunia elkarri begira lelopean, astelehenetik asteazkenera hiru mahai inguru antolatu dituzte Kataluniako independentzia prozesua bertatik bertara ezagutzeko helburuarekin. Hitzaldi guztiak, Segurako kultur etxean izango dira, 19:00etan hasita.
Astelehenean, Kataluniako CDC, ERC eta CUP alderdietako Victor Terradellas, Joan Tarda eta David Fernandezen solasaldia izango da. Berriako zuzendaria, Martxelo Otamendi izango da moderatzailea. Asteartean, Kataluniako mugimendu sozialen txanda izango da: ANCeko Liz Castro, Omniumeko Eulalia Sole eta Sumateko Jose Maria Calvero eta Joan Sole elkartuko dituzte Seguran. Kristina Berasain Berriako kazetariak gidatuko du mahai ingurua.
Asteazkenean, Euskal Herriko ordezkariek mahai ingurua egingo dute. EAJko Luke Uribe-Etxeberria, Sortuko Pernando Barrena, EH Baiko Iker Elizalde eta Gure Esku Dagoko Angel Oiarbide izango dira gonbidatuak, Enekoitz Telleria Berriako kazetariaren gidaritzapean.
Iparraldeko haurren bisita
Bestetik, astelehenean iritsiko dira Segurara Nafarroa Behereko Ortizabarreko eta Arberoako ikastoletako haurrak. Bi egun pasatuko dituzte Segurako eta Zeraingo haurrekin. Astelehenean, 17:00etan,
Plaza bete poz bertso antzerkia eskainiko dute.
Txartelak salgai
Azkenik, osteguneko bertso afariko eta igandeko herri bazkariko txartelak Elorripen salgai daudela jakinarazi dute.
HITZALDIAK
Saio guztiak 19:00etan izango dira, Segurako Kultur Etxean.
· Astelehena, 7. Victor Terradellas (CDC), Joan Tarda (ERC) eta David Fernandez (CUP). Moderatzailea: Martxelo Otamendi.
· Asteartea, 8. Liz Castro (ANC), Eulalia Sole (Omniun Cultural), Jose Mari Clvero (Sumate) eta Joan Sole (Sumate). Moderatzailea: Kristina Berasain.
· Asteazkena, 9. Luke Uribe-Etxeberria (EAJ), Pernando Barrena (Sortu), Iker Elizalde (EH Bai) eta Angel Oiarbide (GED).