Segurak Katalunian du begirada
Iparra-Hegoa kultur topaketak martxoaren 7tik 13ra bitartean jarri du aurten hitzordu nagusia Seguran.
Euskal Herria eta Katalunia elkarri begira jarri ditu aurten ...
Iparra-Hegoa kultur topaketak martxoaren 7tik 13ra bitartean jarri du aurten hitzordu nagusia Seguran.
Euskal Herria eta Katalunia elkarri begira jarri ditu aurten Iparra-Hegoa kultur topaketak, 21. edizioa betetzearekin batera. Euskal Herri osoko kultura, hizkuntza, arazoak, ondasunak eta ohiturak ezagutzeko eta trukatzeko abagunea izango da berriz ere Seguran. Egitarau zabala osatu dute edizio honetarako, eta otsailaren hasieran martxan jarri bazen ere, martxoaren 7tik 13ra egingo da kultur astea. Udaberriko lore eta landare azokarekin eta Euskal Herriko elikagaien merkatu bereziarekin emango zaio amaiera, hilaren 20an.
Seguran ez ezik, Urruñan (Lapurdi) ere izango du isla Iparra-Hegoak, asteburu honetan bertan. Gaur, Anje Duhalderekin afari-kontzertua egingo da, eta bihar, Euskal Herriko mus txapelketaren finala jokatuko da Urdiñarben (Zuberoa). Finalean, Goierriko hamar bikote izango dira.
Kataluniari lekua
Aurten, Iparra-Hegoak badu berezitasun bat, Euskal Herriari Katalunia erantsi zaiolako kultur topaketa horretan. Hala, Kataluniak independentziaren bidean daraman prozesua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da hango alderdi politiko, mugimendu sozial eta kultur adierazpenen eskutik.
Gonbidatuen artean, politiko eta eragile sozialez gain, musikariak, dantzariak eta San Vicens del Hors herriko castellers-ak izango dira.
Egitaraua
Iparra Hegoaren ekitaldi nagusiak martxoaren 7tik 13ra bitartean izango dira. Lore eta landare azokarekin amaituko da, hilaren 20an.
- Independentzia prozesua Katalunian gaiaren inguruan, hitzaldiak, martxoak 7, 8,9. Kultur etxean 19:00etan. Astelehena 7, Victor Terradellas (CDC), Joan Tarda (ERC) eta David Fernandez (CUP), Martxelo Otamendik moderatuta; arteartea 8, ANC, OMNIUM eta SUMATE mugimenduetako ordezkariak, Kristina Berasainek moderatuta; asteazkena 9, EAJ, Sortu, Euskal Herria Bai eta Gure Esku Dago, Enekoitz Telleriak moderatuta.
- Nafarroa Behereko eta Segurako haurrak elkarrekin, 7- 8. Ortzibarre eta Arberoako ikastolak eta Segurako Herri Eskola.
- Bertsolariak, 10ean. Kantu-poteoa, 19:30ean, Amets Arzallus eta Alaia Martinekin, eta Kuxkuxtu txarangarekin. Gero bertso-afaria plazako karpan.
- Afaria eta musika, 11n. Arkume errea eta sagardoa plazan, Polekeleke eta Kuxkuxtu txarangekin. Gauerdian, Xutik eta DJ Bull.
- Egun osoko festa, 12an. Mendi irteera 09:30ean; eguerdian, kataluniarrei ongi etorria; bazkaria 14:00etan; 17:30ean, castell-a eta herri kirolak; taloak, ardoa, butifarra, Kuxkuxtu txaranga… 19:00etan; dantzaldia Lapurdiko Iñazki taldearekin, 23:00etan.
- Ekitaldi instituzionala, 13an. 10:00etan, sukalki lehiaketaren hasiera; 11:30ean, Goierriko, Iparraldeko eta Kataluniako hautetsiekin ekitaldi instituzionala udaletxean; 12:00etan Iruñeko Mutiko Alaiak dantza taldea eta fanfarrea eta Kataluniako dantzak; 13:00etan castell erraldoia; 14:00etan, Gereziondoko ekitalida; 14:30ean herri bazkaria eta lehiaketaren sari banaketa; amaitzeko, Mutxiko dantzak. Animazioa: txistulariak, trikitilariak, dultzaina jotzaileak, albokariak. joaldunak, musikari kataluniarrak, Kuxkuxtu txaranga, txakolin dastateka.
- Lore eta landareak, eta merkatu berezia, 20an. Azokarekin batera, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako elikagaiak.