BCBL zentroak bi fasetan garatuko du proiektua. Hika hizkera erabiltzen duten boluntarioekin San Benito ikastolan proba bat egingo dute. Garunean alderik badagoen ikusi nahi dute

Ordenagailuaren aurrean, garunaren interferentziak jasotzen.
Egoitza Donostian duen BCBL Basque Center of Cognition, Brain and Language ikerkuntza guneak (Ezagutzaren, Garunaren eta Hizkuntzaren Euskal Zentroa) euskaraz hika forma erabiltzen duten hiztunak ikertu nahi ditu. Bere jarduera anitzaren barruan, hizkuntzekin lotutako bi ikerketa-lerro baditu BCBL-k: hizkuntza, irakurketa eta garapen arazoei buruzkoa bat; eta eleaniztasuna eta bigarren hizkuntzak ikasteari buruzkoa beste bat.
Boluntarioekin garatuko dute hikari buruzko ikerketa. Eta Lazkaon, normalean halako saioak Donostiako egoitzan egiten badituzte ere. Ostiralean eta datorren astelehenean (martxoak 11 eta 14), San Benito ikastolan izango dira ikertzaileak, proiektuan parte hartuko dutenekin.
Hika aritzen direnen eta ez direnen artean garunean egon daitezkeen ezberdintasunak ikusi nahi ditu BCBLko zientzialari talde batek. Hala, euskaraz eta hika aritzen diren guztiek parte har dezakete ikerketan.
Ordubete, ordenagailuan
Goierrin Donostialdean baino hika gehiago egiten dela eta, Lazkaora etortzeko arrazoi bat horixe izan da. Bestea, ezagun baten bitartez, taldetxo bat elkartu izana. Horrelakoetan ikertzaileak eurak mugitzen dira, partaideak Donostiara eraman beharrean.
Ikerketak bi fase izango ditu, BCBLko Manex Letek aurreratu duenez: «Lehenengo fasea egingo dute orain parte-hartzaileek. Ordenagailuarekin bakarrik jardungo dira. Elkarrizketa bat jarriko zaie, hika ari direnen artekoa. Generoaren biolazioa egon daitekeen ala ez antzeman behar dute, hizlariek akatsa egiten dutenean konturatu eta atzeman behar dute».
Euskaraz, bigarren pertsona singularrean erabiltzen da hika (toka edo noka). Hizlaria nori zuzentzen zaion, gizonezko ala emakumezko generoa bereizten dituen kasu bakarra da.
Bigarren fasean, aurrerago, elkarrizketa entzuten duten bitartean entzefalograma bat egingo diete. «Garunaren erantzuna ikusi nahi dugu», dio Letek.
Izena emateko bidea
Lehen saioan euskaraz eta hika egiten duen edonor izan daiteke ikertua. Telefonoz hots egin (943 30 93 00, luzapena 500) edo idatzi behar da (
participa@bcbl.eu). Hautagaitza egokia den eurek baloratuko dute. 25 bat lagun behar dituzte, denera.
Saioan parte hartzeagatik 10 euro ordainduko du BCBLk.