Zegaman ekitaldi mordoxka antolatu dute Emakumeen Eguna ospatzeko. Besteak beste, udaletxean erakusketa bat ireki dute herriko emakumeek eramandako argazkiekin.
Emakumezkoen ekarpenak gehienetan ez du merezi duen aitortza. Hori dela eta, Zegamako Berdintasun sailak herriko emakumeen argazkiekin erakusketa ireki du. Helburua emakumeen presentzia eta ekarpena denen bistan jartzea da.
Zegamarrek herriko emakumeak protagonista dituzten 85 argazki eraman dituzte udaletxera. Gehienak argazki zaharrak dira. Argazki horiekin proiekzioa antolatu dute.
Zegamako emakumeak argazki proiekzioa udaletxeko batzar aretoan ikus daiteke: astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara.
Udaletxeko areto nagusian beste erakusketa bat ere jarri dute: Mundubat Gobernuz Kanpoko Erakundearen
Emakume nekazariak, eskubideak eta errealitateak, hain zuzen ere. Erakusketa hau ere hilaren 22ra arte egongo da zabalik, aipatutako ordutegian. Bertan, Enrique Pimoulierrek Hego Amerikan ateratako argazkiak ikus daitezke.
Bi erakusketa hauez gain, Zegamako Berdintasun sailak dokumental emanaldi bat, kontzentrazioa eta autodefentsa tailerra antolatu ditu.
Dokumental emanaldia eta kontzentrazioa atzo egin zituzten. Udaletxeko batzar aretoan
Emakumeak lurraren defentsan dokumentala eman zuten. Ekitaldi horretan Mundubat erakundeko Unai Aranzadik parte hartu zuen.
Ondoren, kontzentrazioa egin zuten udaletxeko atarian
Emakumeen eta gizonen berdintasuna helburu lelopean.
Autodefentsa tailerra
Emakumeen Egunaren inguruan antolatutako azken ekintza larunbatean izango da: 17:00etatik 20:00etara autodefentsa tailerra egingo dute kultur etxeko Oria aretoan. Tailerra Emagin elkarteko adituek emango dute eta 13 urtetik gorako neskek parte hartuko dute.