'Iheslariak: euskal erbestea (1936-2015)' liburua aurkeztuko du Egañak, eta Etxebestek bere esperientzia kontatuko du
Iñaki Egaña, ezkerrean, liburua aurkezten.
Iñaki Egaña historialaria da, eta
Euskal Memoria Fundazioaren presidentea. Iazko azaroan bere azken lana argitaratu zuen:
Iheslariak: euskal erbestea (1936-2015). Bihar Legazpin aurkeztuko du,
19:00etan, kultur etxean. Liburuan jasotako hainbat datu emango ditu, hausnarketa bideratzeko helburuarekin. «Zenbakiak emango ditut; zenbakiek askotan izenak edo istorioak estaltzen badituzte ere, oso esanguratsuak dira», adierazi du.
Legazpiko Sortuk antolatu du, eta gaztelaniaz izango da. Amaitutakoan,
luntxa egingo dute Izadi zaleak elkartean.
Azken lauzpabost urteak pasa ditu Egañak liburua idazteko dokumentazioa biltzen. Euskal Herriko artxiboak ez ezik, atzerrikoak ere arakatu ditu izen bila. Batez ere,
Hego Amerikako artxiboetan bildu du informazioa. Bildutakoarekin, mila orriko lana argitaratu du. «Eta, gezurra badirudi ere, sintesi bat baino ez da», adierazi du.
Izan ere, milaka eta milaka dira azken 80 urteetan erbestera ihes egin behar izan dutenak. 36ko gerran, esaterako,
151.000 euskal herritarrek ihes egin behar izan zutela esan du Egañak. Horietatik 37.000, haurrak. «Uste dut nahiko zifra esanguratsuak direla». Frankismoaren garaian, berriz, urtean 800-900 iheslari izaten zirela ondorioztatu du.
Egañarekin batera, Eugenio Etxebeste
Antton iheslari ohia izango da biharko aurkezpenean. Bere esperientzia kontatuko du Anttonek, eta irakurketa politikoa egingo du.
‘Antton’-en esperientzia
ETAko kidea izan zen Antton. 1975ean Ipar Euskal Herrian errefuxiatu zen. 1984ean, berriz, Frantziako poliziak atxilotu eta Dominikar Errepublikara deportatu zuten. Bi urte beranduago, Ekuadorrera deportatu zuten. 1997an Espainiara eraman zuten, eta bertan izan zuten
preso 2004. urtera arte. 1980ko hamarkadan, espainiar gobernuaren eta ETAren arteko Aljerko negoziaketetan parte hartze zuzena izan zuen.