Zaldibian hainbat proiektu zehaztu eta bideratu nahi ditu udalak aurten
2016rako aurrekontua 1,6 milioi eurokoa da. Itten-en zerrendatutako gaiei helduko die, proiektuei forma emanez eta denborak zehaztuz. Batzarretan erabakiko dira gero
Zaldibiako Udalak otsailaren 22ko osoko bilkuran onartu zuen 2016rako udal aurrekontua, EH Bilduren aldeko botoekin eta Herrigintzaren abstentzioarekin. Guztira, 1.644.000 euroko diru saila izango du. Iaz onartutakoa baino 111.000 euro gehiago da (%7,26ko igoera). UFFF Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren hazkuntzak eragin du alde hori. Aurrekontua zehaztu aurretik, udalak datozen hiru urteetarako agintaldiko plangintza ere egin du.
Batetik, udalean lan baldintzak hobetzea eta segurtasuna ematea izan ditu helburu udalak, diruak izendatzerakoan. «Hori bete da», dio Joxan Etxabe alkateak. Bestetik, gastu arrunt diren eta aurrez daitekeen arloetan inbertsioak egiten jarraituko du: argiterian edo ur sisteman.
Ur edangarriaren arloan, kontagailuak berrituko ditu udalak, aurten. Uraren ordenantza berria indarrean sartu zen ilbeltzean, eta jasotakoaren zati bat erabiliko dute.
Udalak duen diru gerakina inbertsioetara bideratuko du. Gaur egun, zorrik ez dauka.
Proiektuak diseinatzea
Aurreko agintaldian, Itten prozedura baliatuz, herriko zenbait gabezia, hobekuntza eta behar atzeman eta zerrendatu zituzten, herritarrekin batera. Lan horiei helduko die aurten udalak, egitasmoak zehaztu, lehentasunak markatu eta, ahalmen ekonomikoaren arabera, proiektuak bideratzeko.
«Hurrengo urteetarako zenbait arlo bideratu nahi ditugu, forma eman eta abiapuntua jarrita. Plazako estalpea, udaletxearen berrikuntza, haur eskolaren egoera, antzokia berritzea, Artxanberriko lokala… aipatu ziren. Lehentasunak jarriko ditugu, ordenatu eta planteatu», aurreratu du Etxabek.
Etorlur foru enpresarekin —Itten zenaren lehengo izena hartu du berriz— bilera bat egitekotan da udala. Printzipioz, aurten 101.000 euro bideratu dituzte proiektuak antolatzera. «Udaletxea da lehentasun nagusia, irisgarritasun baldintzak ez dituelako betetzen», dio alkateak. Hala eta guztiz, proiektuak erabakitzeko prozesu guztiak parte-hartzaileak izango direla gehitu du.
Herri baratzeak
Hilerri gaineko herri sail batean baratze publikoak sortzeko aukera eman du udalak. Izena emateko epea bihar bukatuko da. Interesatuekin erabakiko dute zer eta nola jarri.
Udalak aguazil-obra arduraduna kontratatzeko prozesua martxan dauka, lehengoa jubilatu delako. Auto berria erostea ere aurreikusi du aurten, 30.000 eurorekin. Otorduetarako aulkiak eta mahaiak ere erosi nahi dira; 6.100 euro daude horretarako. Pianoa erosi du, 3.000 euroan.
Internet eta komunikaziorako zuntz optikoa jartzeko lanak ere abian dira, Etorlurren bidez.
Udalak batzarrean aurkeztuko du gaur aurrekontua Zaldibiako Udalak herri batzarrerako deia egin du, gaurko. Karreane kultur etxeko goiko aretoan izango da, 19:00etan hasita. 2016ko aurrekontua aurkeztuko diete herritarrei eta aurtengorako jarritako erronken nahiz inbertsioen berri ere aurreratuko dute. Aurrekontua definitzeko erabili dituzten irizpideak era azalduko dituzte.













