EAJ, Sortu, EH Bai eta Gure Esku Dagok mahai ingurua egin dute Seguran. Erabakitze eskubidea oinarri hartuta, adostasuna lortzearen adostasuna azaldu dute hizlariek.
Enekoitz Telleria kazetaria, Pernando Barrena (Sortu), Angel Oiarbide (Gure Esku Dago), Iker Elizalde (EH Bai) eta Luke Uribe-Etxeberria (EAJ)
Iparra-Hegoaren azkeneko hitzaldian, EAJko Luke Uribe-Etxeberria, Sortuko Pernando Barrena, EH Baiko Iker Elizalde eta Gure Esku Dagoko Angel Oiarbide Kataluniari begira jarri zituen lehenengo Enekoitz Telleria segurar kazetariak.
EAJ «sinpatia handiz, errespetuz eta berotasunez» ari da jarraitzen Katalunian abiatu den prozesua. «Oinarrian ados gaude: Katalunian eta Euskadi-Euskal Herrian gehiengo batek herri bat garela, sujektu politiko bat garela eta horren ondorioz gure etorkizuna era libre, demokratiko eta baketsuan erabakitzeko eskubidea dugula», zehaztu zuen Uribe-Etxeberriak. Sortuk ere «interes bereziz» jarraitzen du: «Interes egoista izugarriarekin jarraitzen dugu badakigulako Kataluniaren eta Euskal Herriaren interesak gai horretan elkar lotuta doazela», zehaztu zuen Barrenak. Dena den, bi alderdi abertzaleetako ordezkariak bat datoz «talante edo kultura demokratiko eskasa» duen Madrilgo gobernua ere komunean dutela Kataluniak eta Euskal Herriak.
Desberdintasunak
Euskal Herrira begira jarri zituen ondoren moderatzaileak. Uribe-Etxeberriaren esanetan, «kataluniarrak 2-3 pauso aurretik doazen sentimendua oso garbia da. Baina ez nuke dramatizatuko, oinarria berdintsua da eta ez nintzateke halako antsietate batean sartuko lasterketa bat balitz bezala». Desberdintasunak aipatzeko garaian, batez ere hiru azpimarratu zituen jeltzaleak. Batetik, «Katalunian ez bezala, hemen, biolentzia izan dugu eta oraindik biolentziaren ondorioak hor daude». Horrekin batera, «Ezker Abertzaleak eta EAJk estrategia desberdinak erabili ditugu; are gehiago, talka egin duten estrategiak». Dena den, «konfiantza berreskuratzen joan» eta Euskal Herrian «horrelako prozesu bat aurrera ateratzeko ezinbestekoa da EAJ eta Ezker Abertzalearen arteko akordio minimo bat», uste du. Hirugarren desberdintasuna, «gizartearen mobilizazioan» ikusten du: «Nahiz eta gehiengoa erabakitze eskubidearen alde egon, ez daukagu gizartea mobilizatuta».
Sortuko Barrenaren ustez, «50 urte luze iraun duen konfrontazio oso gogorraren eta latzaren ondorioak oraindik ere ez daude itxita». Baina, «hainbat sektoretan zabaldu den ideia da, nekez ahal zaiola bide soberanista bati heldu, aldez aurretik hori guztia konpondu gabe. Gu ez gaude horrekin ados: hori aplikatuko bagenu, gauzak konpondu nahi ez dituenari etorkizunaren giltza emango genioke».
Bigarren desberdintasuna «Kataluniako CDCk independentziaren hautu garbia egin duen bezala, EAJk Euskal Herrian ez duela egin» dela azpimarratu zuen. Horrekin batera, «EAJren eta Ezker Abertzalearen artean desberdintasunak daude abiapuntuari dagokionean: EAJk oraindik uste du Madrilekin gauzak adostu daitezkeela, eta guk ez dugu horrela ikusten». Era horretan, abertzaleen artean akordioetara iristeko beharra azpimarratu zuen Barrenak.
Herritarren indarra
Gure Esku Dagoko Angel Oiarbiderentzat Kataluniako prozesua eredugarria da mundu mailan: «Herritarrak dira eredu». Kataluniako herritarrek barneratu duten jarrerarekin, «herritarrak sentitzen dira beraien etorkizunaren protagonista, eta euskaldunontzat irakasgai handia da». Era horretan, herritarren jarrera horrek ordezkari politikoak «kutsatzeko» izan duten ahalmena ere goraipatu zuen.
Hala ere, Oiarbidek garbi du «guk gure eredua sortu behar dugula. Deskonfiantza handia dago, zubiak hautsita egon dira». Era horretan, jarrera aldaketa eskatu zuen GEDko kideak: «Azkeneko hamarkada luzeegietan profesionalak bihurtu gara bata bestearen arteko diferentziak nabarmentzen. Baina jarrera aldaketa behar da, antzekotasunetan jarri behar da indarra».
Ipar Euskal Herria
EH Baiko Iker Elizaldek azaldu zuenez, Ipar Euskal Herriko jendarteak Kataluniako prozesua «urrunagotik» bizi badute ere, «Europan herri berriak sortzea posible dela ikusi dugu Kataluniarekin eta Eskoziarekin». Era horretan, Europaren barruan Ipar Euskal Herria, Nafarroa eta EAEk osatuko lukeen eremua sortzea posible ikusten du.