Galdeketaren atarian
Igandean aukeratuko dute ordiziarrek organikoa eta errefusa txipdun edukiontzietan edo atez ate jaso nahi dituzten. Alderdi guztiak bat datoz helburuan: gaika %85a birziklatzera iristea
Hondakinen bilketa sistema aukeratzeko bozketa eguna izango da igandekoa Ordizian. Bi aukera izango dituzte ordiziarrek: batetik, errefusa eta organikoa txipdun edukiontzi bidez jasotzea izango da, eta bestea, sistema mistoa: organikoa eta errefusa atez ate jasotzea. Hautesontziak 09:00etatik 20:00ak arte egongo dira irekita.
Galdeketaren prozedura bideratzeko Hondakinen Mahaia taldea sortu zuten. «Adostasuna» bilatu du Hondakinen Mahaiak, eta hala iritsi dira galdera eta bi aukerak erabakitzera. Herritarrei bozka ematera joateko deia egin die mahaiak.
Helburua, tasa
Birziklatzeko sistema ez da arazoa izan behar uste du Hondakinen Mahaiak, eta guztiek bat egin dute birziklatze tasa ahalik eta handiena lortzea dela helburua. Atez ateko sistema ezarri aurretik, 2012an, %36koa zen birziklatze tasa, eta egun %73ra iritsi dira. Guztiek bat egin dute: helburua %85a birziklatzea da. Aukeratzen den sistemak ez badu hori ahalbidetzen neurri zuzentzaileak hartzea erabaki dute.
Herritarren zalantzak
Egunotan herritarren zalantzak argitzeko bilerak egin dituzte. Horietako bat izan da atez ateko sistemarekin alderatuz ea zenbat aurreztuko den erabakitzen den sistemarekin. Sistema mistoarekin 20.000 euro inguru aurreztuko lirateke, eta edukiontzien sistemarekin 170.000 euro inguru. Atez ateko sistemarekin 6 langile behar dira, sistema mistoarekin 5-6 eta edukiontzien sistemarako 4 langile.
Bestalde, jendeak galdetu du ea zergatik ez den atez ateko sistema aukera bat. Aditzera eman dute «erabateko adostasuna» lortzeko ikusi dutela ezin zela eztabaida «polarizatu», eta aurretik ezagutzen ziren atez atekoa eta edukiontzien sistema «garatzeko eta hobetzeko» bi sistema mahai gainean jartzea zela bidea. Hondakinen Mahaian parte hartu duten alderdiek haien iritzia azaldu dute bozketaren inguruan mahaian herritarrek eta beste elkarte batzuek ere parte hartu dute, baina hemen ez daude jasota beraien iritziak.
EAJ
Sistema mistoa ez da soluzioa EAJren ustez
Herritarrei bidalitako oharrean EAJk azaldu du bozketan ordiziarrek «gehien komeni zaien» sistema bozkatuko dutela. Aurreko legegintzaldiari ere egin die erreferentzia. Atez ateko sistema ez dago aukeren artean eta hala azaldu du alderdiak: «jakin badakite EH Bilduk sistema ez dela bideragarria». Gainera, nabarmendu du EH Bilduk ez duela aukeren artean «jarri ere nahi izan bere kabuz ezarri izan duen sistema». Txipdun edukiontzien bilketan oinarritutako sistemaren alde dago EAJ, eta horren aldeko botoa eskatu du.EH BILDU
Sistema ez da helburua, bilketa tasa baizik
Ordiziako EH Bilduk erantzuna eman dio EAJk ateratako oharrari. «Kuriosoa» dela azaldu du EAJk ez duela Hondakinen Mahaiaren inguruko erreferentziarik egin, eta hori ez dela «EH Bilduren eta EAJren arteko auzia, guztiona baizik», jakinarazi du koalizioak. Helburua sistema bera ez dela azaldu du, helburua gutxieneko gaikako bilketa tasa %75ean mantentzea, eta %85era heltzea baizik. «Adostasuna» lortzeko bi aukera horien artean erabaki beharko dute ordiziarrek. Bilketa mistoaren aldeko apustua egiten du EH Bilduk. Bestalde, koalizioak gogorarazi du merkataritza eta ostalaritzan gaur egungo atez ateko bilketak jarraituko duela, Sasietako irizpide teknikoek hala hobesten dutelako.ORDIZIA ORAIN
Kalitatezko %85eko bilketa lortzera behartuta
«Esfortzuak batzeko garaia da», azaldu du Ordizia Orainek udal aldizkarian. Garrantzitsuena ingurumena dela, eta hondakin hoberena sortzen ez dena dela adierazi du. Birziklatzean, berriz, ingurumena errespetatu, etorkizuneko belaunaldiekin arduraz jokatu eta kostua murrizten dela ere ageri du alderdiak.PSE-EE
Sistema efiziente, eroso eta eraginkorraren alde
Ordiziako sozialistek adierazi dute zabor bilketa sistema eraginkorra, efizientea, erosoa eta herritarren artea erabakitakoa defendatzen dutela, «ez inposatutakoa». Horregatik, edukiontzi kolektiboen bidezko sistema babestuko dute.IRABAZI ORDIZIA
Erabakitzeko nahia errealitate bihurtua
Irabazi Ordiziak azaldu du ordiziarrek nahia zutela sistema aukeratzeko, eta hala egingo dutela. Zoriondu egin ditu alderdi politikoak eta Hondakinen Mahaia, adostasuna lortzeagatik gai horren inguruan.LAB
Bi lanpostu desagertzear, edukiontzi sistemarekin
Sasieta Mankomunitateak egin duen bi sistemen balorazio ekonomikoaren azterketaren arabera, LABek azaldu du bi lanpostu desagertzear daudela edukiontzi sistemaren alde egiten bada. Bozketako emaitza edozein izanda ere lanpostu horiek mantentzeko eskatu die Sasieta Mankomunitateari eta Ordiziako Udalari. Sistema mistoaren aldeko botoa eskatu du LABek.BOZKETA MODUAK · Martxoak 13. 09:00etatik 20:00etara. 4 mahai egongo dira: Institutuan, Urdaneta ikastetxean, Lukusain plazan eta udaletxean. · Aurretiazko bozka. Gaur azken eguna. 09:00etatik 15:00etara arreta bulegoan, eta 15:30etik 20:30era Udaltzaingoan. · Mugikortasun murritza. Mugikortasun murritza dutenek eskaera gaur egin dezakete arreta bulegoan edo telefonoz. Eskaera egin eta udal langilea etxera joango da bozkaren bila 9:00etatik 15:00etara.













