«Dos pobles, una lluita»
Katalunia izan da aurten Iparra-Hegoa jaialdiko gonbidatu eta protagonista. Asteko hitzaldietan zein asteburuan jendetza bildu da. Gereziondoko ekitaldiarekin bukatu da egitarauaHala zioen Segurako kale batean ikus zitekeen kartelak: Dos pobles, una ll...
Katalunia izan da aurten Iparra-Hegoa jaialdiko gonbidatu eta protagonista. Asteko hitzaldietan zein asteburuan jendetza bildu da. Gereziondoko ekitaldiarekin bukatu da egitaraua
Hala zioen Segurako kale batean ikus zitekeen kartelak: Dos pobles, una lluita. Izan ere, Katalunia izan da aurtengo Iparra-Hegoa jaialdiko gonbidatu eta protagonista nagusia. Baina hiz- ketarako ez ezik, Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko harremana estutzeko ere balio izan du aurtengo Iparra-Hegoak. Antolaketa taldeko Xabier Albizu ere gustura agertu da, dena «oso ondo» atera delako. Ekitaldietan «jende asko» izan dela azaldu du, eta «bi herrialdeen arteko gerturatze bat eta emozio kolektibo bat» bizi izan zituztela.Ediziorik jendetsuena izan dela esatea askotxo izan daiteke, baina ez da urruti ibiliko. Astelehenetik bertatik hasita, jendetza bildu zuen Kataluniako alderdi politikoetako ordezkarien mahai-inguruak, plazako karpa txiki gelditzeraino. «Komunikabideetan besteetan baino oihartzun handiagoa» izan dutela dio Albizuk, eta «jende ezaguna» ekartzeak ere zerikusia izan du harreran; 250 eta 300 lagun artean izan ziren aurreneko saio hartan. Erabakitzeko eskubidearen inguruan egindako beste bi saioek ere, harrera ona izan zuten eta 150 eta 200 lagun artean elkartu ziren bietan.
Baina jendetzarik handiena, asteburuan bildu da Seguran. Kataluniarrek ederki erantzun diete Seguratik egindako gonbiteari, eta San Vicent del Horts herritik eta inguruetatik lau autobuskada bete etorri dira, asteburupasa. Ia 200 lagun horiei, Ipar Euskal Herritik etorritako kuadrilla gehitu behar zaio. Denentzako lotarako lekua bilatzeko komeriak egin behar izan dituzte antolatzaileek.
Gazteluak eta dantza
Bisitari zukua atera nahi izan diote bi aldeek, eta probetxuzko asteburua izan da. Larunbatean zein igande goizean, castellersek giza-gazteluak egin zituzten; tartean, zailtasun handia duen bost pisuko dorrea. Euskal Herriko zein Kataluniako dantzak ikusteko aukera ere izan da.
Igandeko ekitaldi instituzionalaren eta kultur ikuskizunaren ondoren, Iparra-Hegoa jaialdiko ekitaldirik sinbolikoena den Gereziondoko ekitaldia egin zuten. Aurtengoa ere, berezia izan da, segurarrentzako berezia den ekitaldia katalanei eskaini baitzieten. Hala, gereziondoaren bueltan sardana dantzatu eta guztien artean L’Estaca kanta ezaguna abestu zuten.