«Erleak desagertuko balira gizakiak nekez iraungo luke denboran»
Gipuzkoan izan berri den Teresa Giral kubatarra (Ciudad de Matanzas, 1950) apiterapian aditua da, eta 27 urte eman ditu erleak ikertzen. Hasierako ...
Gipuzkoan izan berri den Teresa Giral kubatarra (Ciudad de Matanzas, 1950) apiterapian aditua da, eta 27 urte eman ditu erleak ikertzen. Hasierako helburua Gipuzkoako Erlezale elkarteko kideei formazioa eskaintzea izan da. Bidaia probesteko asmotan, apiterapiaren inguruko hitzaldi bat ere eskaini du, eta bertako erlezainek berarekin egoteko aukera ere izan dute.
Noiz eta nola hasi zinen erleak ikertzen?
Albaitaritza ikasketak egiten ari nintzela La Habanako Laboratorio Nacional de Diagnostico Veterinario delakoan hasi nintzen lanean. Hamaika urte eman nituen han, baina ikasketak amaituta ez nuen lanerako plazarik aurkitu bertan. Lagun batek Estacion Esperimental Apicola (gaur Centro de Investigacion Apicola dena) delakoaz hitz egin zidan. Bertan plaza bat lortu nuen eta 27 urte eman nituen ikerlari bezala lanean. Ordukoa da erleen munduarekin eta apiterapiarekin nire lehendabiziko harremana.
Zein izan da zure lana zehazki?
Erleak eta erlauntzetatik eratorritako produktuak ikertzea izan da nire lana, gero produktu hauek gizakientzako eta animalientzako sendagaietan aplikatzeko. Beste modu batera esanda, nik ikerketa aurreklinikoa egin dut, produktua bere horretan ikertu, gero medikuntzan erabili ahal izateko.
Erlauntzetatik eratorritako produktuak oso erabilgarriak dira hortaz, medikuntzan?
Erlauntzetako produktu guztiak osagarri nutrizionalak dira, baina metabolismoa erregulatzeko akzio bat ere badute, eta horregatik gaixotasunak tratatzeko erabil daitezke. Gainera, printzipio aktibo asko daukate, beste produktu batzuetan nekez aurkitu daitezkeenak, horregatik dira hain onuragarriak.
Formazioa eskaintzera etorri zara Gipuzkoara.
Bisita honekin, kolaboratzen dudan Consejo Cientifico Veterinario eta Gipuzkoako Erlezain Elkartearen arteko elkarlanari hasiera eman diogu. Bertan egiten den produktuen kalitatea eta trazabilitatea bermatu beharra dago, kanpotik datozen produktuen gainetik. Produktuen dibertsifikazioa bultzatu behar da. Erlezainek eztia egiten dute hemen, baina propolia edo lore-hautsa ere bertan produzitzea lortu nahi da.
Erleak garrantzitsuak dira?
Erleak zaindu behar ditugu, desagertuko balira, gizakiak nekez iraungo luke, landareek hazteari utziko bailiokete.