Udaleko Gizarte Zerbitzuetako, liburutegiko eta Garaguneko ordezkariek osatzen dute taldea
Udaletxeko, liburutegiko eta Garaguneko kideak, aurkezpenean. / Arg.: Maialen Igartua
Irakurketa Erraza, irakurtzeko zailtasunak dituen jendeari zuzendutako egitasmoa da. Irakurtzeko eskubidea bermatzea eta zaletasuna sustatzea dira helburuak. Horretarako,
errazago ulertzeko moduko testuak eskaintzen dituzte.
Legazpin, talde bat sortu da Irakurketa Erraza sustatzeko. Udaleko Gizarte Zerbitzuetako langileek, liburutegikoek, Isa Sanz hezkuntza teknikariak eta Garaguneko Asun Jauregik osatzen dute taldea. Egitasmoari esker,
liburutegian eskuragarri daude irakurketa errazeko liburuak.
Nori dago zuzenduta? Adimen urritasuna duen jendea, euskaldun berriak, hizkuntzarekin zailtasunak dituzten etorkinak, autistak, dislexia dutenak, irakurtzeko ohiturarik ez dutelako ulertzea kostatzen zaienak…
Bestalde, udalak ere hartu ditu neurri batzuk. Esaterako,
Tokiko Agenda 21 plana egiteko laguntza teknikoa kontratatuko du udalak, eta kontratazioko baldintza bat izango da dokumentu guztien laburpen bat irakurketa errazean egitea.
Egitasmoarekin lotuta, programazio hau osatu dute:
- Erakusketa: martxoaren 18tik apirilaren 8ra. Kultur etxean, 17:30etik 20:30era.
- Hitzaldia: Blanca Mata Fauri, Euskadiko Irakurketa Erraza-ko koordinatzailea. Apirilak 6, 18:00etan, kultur etxean.
- Ikastaroa: apirilak 9, 15 eta 16. Izena eman behar da apirilaren 7rako (943 73 72 02). Irakasleei, hezitzaileei, liburuzainei… zuzenduta.